(argazkia: Basterretxea Irurzunen familia-artxiboa)

Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez, artistari buruzko webgunea sortu dute

Miren Vadillo, Fernando Golvano eta Peio Aguirre adituen parte hartzearekin egin den atariak artistaren ibilbide pertsonal eta artistikoa ezagutzeko aukera ematen du.

Datorren maiatzaren 6an egingo den Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924-Hondarribia, 2014) jaiotzaren mendeurrena hurbildu ahala, efemerideak ospatzeko programan parte-hartzen duten erakundeek ekitaldiak sustatzen jarraitzen dute, euskal artistarik eraginkorrenetako, polifazetikoenetako eta joan den mendeko 50eko hamarkadan hasita euskal artea berritzen gehien lagundu zuenetako baten oroimenez. Hala, joan den otsailaren 28an, Bilboko Arte Ederren Museoan Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketaren inaugurazioari eta martxoaren 16an Iruñeko Ikuspuntu Jaialdiko Nestor Basterretxea y la imagen atalean, haren film sorta bat proiektatzeari, orain artistaren ibilbidea eta ondarea zeharkatzen dituen webgune baten argitalpena gehitzen zaio. Gainera, joan den urtarrilean egitaraua aurkeztu zenean, Instagram sare sozialean @nestorbasterretxea100 kontua aktibatu zen.

Basterretxearen Mendeurrenaren webguneak euskal artistaren alderdi biografikoak ditu ardatz lehen fase honetan. Horretarako, haren ibilbidea ezagutzen duten pertsonen parte-hartzea izan dute. Peio Aguirre komisario, arte-kritikari eta editore, Basterretxeari buruzko zenbait erakusketa monografikoren arduradun eta Un retrato de N.B. dokumental-saiakeraren egileak haren funtsezko aipamen biografikoa idatzi du, baita margolari eta eskultore ibilbideari, zineman, arkitekturan eta diseinuan egindako lanei eta lan instituzionalari buruzko testu bana ere.

Bestalde, EHUn Artearen Historian doktore eta komisarioa den Miren Vadillok saiakera labur bat ondu du Basterretxearen konpromisoari eta dimentsio etikoari buruz. Gainera, Monika Basterretxea artistaren alabak testu oso pertsonala idatzi du familiaren ikuspegitik. Laster Fernando Golvano arte kritikari eta komisarioaren saiakera bat ere argitaratuko da.

Basterretxearen biografiaren atala denbora-lerro batek —artistaren biografiaren mugarri nagusiak begiz ikusteko aukera ematen duena—, eta bibliografia zabal batek osatzen dute, biak Artium Museoko Dokumentazio Zentroak landuak.

Mendeurrenaren egitarauan iragarritako jarduerak ere webgunean agertzen dira. Gogoratu behar da Gorka Basterretxeak koordinatzen duen programa honetan hogei kultur erakunde baino gehiago parte hartzen ari direla. Aurten eta 2025. urtearen hasieran, hainbat ekimen sustatuko dira, besteak beste, erakusketak, ikus-entzunezko programak eta kultur eta argitalpen jarduerak. Parte hartzen duten erakunde guztien logotipoak eta webguneetarako estekak agertzen dira Laguntzaileak izeneko atalean.

Media izeneko atalean, berriz, ikus-entzunezko baliabideei eskainitakoan, alde batetik, Basterretxea Irurzunen familia-artxibotik, Irungo Udal Artxibotik eta mailegu partikularretatik ateratako argazki sorta zabala dago. Argazkiei esker, Nestor Basterretxearen ibilbidea eta sorkuntzaren alderdi batzuk eta besteak ikus daitezke, artista-lanetan hasi zenetik azken urteetara arte.

Webgunearen atal horretan bideo zaharrak eta berriak egongo dira. Izan ere, mendeurrena dela eta, Basterretxearekin harremana izan zuten hainbat pertsonak haren irudiari orainaren ikuspegitik jorratuko duten bost bideo egitea aurreikusten da. Lehenengoa, artistaren seme-alabak protagonista dituena, dagoeneko argitaratuta dago, eta, laster, saileko bigarrena ikusi ahal izango da, Joxean Muñozi, 2003an Nestor Basterretxearen bolumetria arkitektonikoei buruzko erakusketa baten komisarioa izan zenari, egindako elkarrizketa luze bat.

Bideoen atalak Basterretxearen grabazio historiko batzuk ere jasotzen ditu, horien artean EITBko artxiboak utzitako eta Inguma Martinez, David Barbero, Julio Flor edo Jose Fernandez de la Sota kazetariek egindako hainbat elkarrizketa. Fernando Golvanok ekarritako grabazio bat ere argitaratu da. Atal honek izaera dinamikoa du, eta zabalduz joango da, izaera historikoko beste ikus-entzunezko batzuen argitalpenarekin.

Basterretxearen mendeurrenaren webguneak, gainera, espazio publikoetan nahiz museoetan kokatutako artistaren lan garrantzitsuenak geolokalizatzeko eta bistaratzeko aukera ematen duen baliabide bat du. Horrez gain, albiste atal bat ere badu webguneak.

Laster aktibatuko den bigarren fase batean, webgune honek Gasteizko Artium Museoaren Nestor Basterretxea Artxiboan integratutako dokumentuetara sartzeko aukera emango du. Dokumentu-funts hori Basterretxea Irurzun familiak dohaintzan eman zion Artium Museoari, eta, gaur egun, museoa antolatzen eta katalogatzen ari da. Artistaren artxibo pertsonal zabala 5.000 dokumentu baino gehiagoz osatuta dago.

Zabaldu: