Eh, Mertxe! rock taldea arduratu da abestia ontzeaz.
Araba Euskarazen 2024ko edizioak badu dagoeneko kanta. Aurtengo leloaren izen bera du: Mugaezin. Ibai Landa dugu abestiari hitzak jarri dizkiona, Ikastolako ikasle ohia, eta Oiongo San Bizente ikastolako irakaslea.
Abestiarekin, eta abestia oinarri hartuta osatu duten dantzarekin, euskarak ez duela mugarik adierazi nahi izan dute. “Harresiak hautsi genizkiola, hemen euskararen periferian; eta periferiatik erdigunera ere eramaten dugula euskara”. Letrek azaltzen dute ekitaldi honetarako Araba Euskarazek hedatu nahi duen mezua. “Batetik aniztasuna islatzen du, horrelakoa baita Oiongo San Bizente Ikastola: jatorri ezberdineko kidez osaturiko komunitate bat, herri eta herrialde ezberdinetik iritsi eta guztiak ikastolan elkartzen diren kidez osaturiko komunitatea. Bestetik, Arabako ikastolok bat egin dugula ere esaten du abestiak. Guztiok elkarrekin hirugarren urtez jarraian antolatzen dugun Araba Euskaraz baitugu aurtengoa”.
Eh, Mertxe! rock taldeak jarri dio doinua abestiari. Ibai Landa bera da taldekideetako bat eta besteak Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri dira. Guztiak ikastoletako kide ohiak. Rock-and-roll banda zitala dela diote Eh, Mertxe!; kementsua, gitarra zorrotzekin eta doinu melodiko eta infekziosoekin, bulkada basatien erritmora dantza eta oihu egitera bultzatzen duena. “Rock-and-roll musika energiko eta dantzagarria proposatu digute Mugaezin abestiarekin. Osatu dugun bideoklipean San Bizente ikastolako komunitate guztia jarri dute dantzan. Izan ere, auzolanean ekoitzi dugu bideoklipa: ikasleek, irakasleek, gurasoek, San Bizente ikastolaren sortzaile eta lagunek parte hartu dute”, azaldu dute. Lander Etxedonak zuzendu du bideokliparen errealizazioa. Lander ere ikastolako ikasle ohia da.