Lanak aurkezteko epea uztailaren 30era arte egongo da zabalik eta oinarriak zinebilera.eus webgunean daude eskuragarri.
Euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko jaialdiak bere 47. edizioa egingo du aurten. Antolatzaileen esanetan, “euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena da Euskal Zine Bilera eta oso harro gaude urte hauetan guztietan gure hizkuntza sustatu eta hedatzeko egindako lanarekin”.
Zine berria egin eta istorio berriak kontatu nahi dituzten sortzaileetara heltzea du helburu jaialdiak. Urte bat gehiago, euskal ikus-entzunezkoen sorrera bultzatzeko lan egingo du Sail Ofizialeko Lehiaketak, hainbat sari ezberdinduz. Ohikoak diren Zuzendaritza, Gidoi eta Film Onenaren sariez gain, Benito Ansola saria (24 urte baino gutxiago duten zinegileen lanak saritzen dituena eta hurrengo urteko lehiaketarako akzesita ematen duena) eta Ikuslearen saria (zuzenean ikusleek aukeratzen dutena) ere izango dira aurten.
Aurtengo oinarrien arabera helarazitako lan guztietatik, aurre-aukeraketa bat egingo da eta, horietatik, 20 film laburrek osatuko dute Sail Ofizialeko Lehiaketa.
Euskal Zine Bilera urriaren 17tik 20ra egingo da Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan eta bertan ikusi ahal izango dira Sail Ofizialera heldu diren lan guztiak.
Antolakuntzak adierazi duenez, “euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea”.
Sariak ondorengoak izango dira: Film Onenaren Saria (3.000 euro), Zuzendaritza Onenaren Saria (1.600 euro), Gidoi Onenaren Saria (1.600 euro), Benito Ansola saria ( 1.000 euro) eta Ikusleen Saria (750 euro).
Lan hauez gain, herritarrek osatutako epaimahaiak aipamen berezia egin ahal izango die hainbat filmi.
Lanak aurkezteko epea uztailaren 30era bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri.
Sail ofizialeko lanen egileei sari banaketa ekitaldian parte hartzea errazteko Lekeition gaua igarotzeko aukera eskainiko zaie. Film bakoitzaren egileari gela bikoitza ziurtatuko zaio. Gaua igarotzera geratu ezin diren egileen kasuan dieta gastuak ordainduko zaizkie.