(argazkia: Bizipoza Elkartea)

Apirilaren 26an eta 27an Hernanin egingo den Bizipoza Jaia aurkeztu dute

Ekitaldi nagusia apirilaren 27an izango da Atsegindegin, goizeko 10:30ean.

Hilaren 26rako, Badator Bizipoza Jaia antolatu dute Gudarien plazan, Hernaniko ikastetxeen eskutik, motorrak berotzen joateko. Ekitaldi nagusia, berriz, apirilaren 27an izango da Atsegindegin, goizeko 10:30ean.

Bizipoza Elkarteak Hernaniko Udala, Dobera Euskara Elkartea, Super H Elkartea, Gaztelekua, Pausoka elkartea eta Kanika Aisialdi taldearekin batera apirilaren 26 eta 27rako antolatu duen jaia aurkeztu zuten atzo Hernaniko Biteri aretoan.

Arratsaldeko 18:00etan eman zioten hasiera Bizipoza jaiaren aurkezpen ekitaldiari, Porrotxen eta Zapotxinen ongi etorriarekin, Ikusi mendizaleak abestiak girotuta. Sudur gorriak Bizipoza elkartea zer zen azaldu zuten aurrena, eta argi utzi zuten, “denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusibo bat eraikitzea” dela Bizipozaren jomuga nagusia: “Bizipoza gaur egun, Euskal Herri osoko 38 elkartez osatutako elkartea da. Denek izaera bereziko gaiak lantzen dituzte, eta haur eta familiek osatzen dituzte, hain zuzen. Bizipozaren helburua da denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusibo bat eraikitzea, euskaratik eta euskaraz. Horretarako Bizipozaren helburu bada elkarte guzti hauek egunerokoan egiten duten lan hori, eta euren errealitatea gizarteratzea eta eragitea”.

Porrotxek eta Zapotxinek Hernani herri alaitzat, jatortzat eta eskuzabaltzat izendatu zuten, ondokoa azalduz: “Zorionak! Bizipozaren kurrikulumeko ezaugarriak bikain betetzen dituzue!”. Eta jarraian, Bizipoza elkarteko koordinatzailea den Leire Elizegiri eman zioten hitza, Bizipoza eskolaren berri emateko. “Bizipoza elkarte izateaz gain komunitatea ere, bada. Ibilbide luzea egin dugu dagoeneko eta bide luzea dugu aurretik. Garrantzitsua ikusten dugu bidelagun izan ditugun guztiei gure eskerrik beroena aitortzea. Bizipoza Eskola gure bideko pauso potoloa izan da, zenbait proiektu pilotu eta gero indarra hartzen ari dena”. Hori guztia modu bisualean ikusteko aukera izan zuten Bizipoza eskolaren bideo proiekzio batekin.

Elizegik amaitu ostean, Ai, Zapotxin abestia kantatuta, Dobera Euskara Elkartea aurkeztu zuten, Bizipoza tonbola antolatu baitute, Bizipoza ekitaldiaren egunerako. Doberako kideek jakinarazi zuten sari mordoa eskuratzeko aukera egongo dela tonbolan: “opari sorta ederra bildu dugu handik eta hemendik, beraz, animatu!”.

Super H Elkartek hartu zion lekukoa Dobera Euskara Elkarteari, elkartea aurkeztuz: “gaitz larria edo onkologikoa duten umeentzako eta ikerkuntzarako laguntza elkartea da”. Opari bana eskaini zieten Porrotx eta Zapotxini, paperezko txoria. Kondaira japoniar batek omen dio, horrela mila eginda bihotzean daramagun desiorik sakonena beteko dela. Elkartearen helburuak azaldu ostean, Bizipoza elkarteak Super H elkartearekin elkarlanean sortutako Parke bat bideoklipa proiektatu zuten.

Ondoren, erraldoi eta buruhandien bisita izan zuten, eta maskuri kolpe eta dantzen artean, aretoa aztoratu zuten. Pausoka elkarteak, Elkarrekin jolasten bideoa proiektatu aurretik, elkartearen funtzioak azaldu zituen eta adierazi zuten oso garrantzitsua zela horrelako festa batean errealitate ezberdinak plazaratzea: “Guztiok disfrutatzeko jaia izango da. Denona eta denontzat! Beraz, animatu eta etorri jaira!”. Jarraian, publikoarekin interaktuatzeko asmotan, Kanika Aisialdi taldea gerturatu zen oholtzara eta asmakizun korapilatu bat bota zuten airera, erantzuna apirilaren 27an emango dutela aitortu zuten. Boleibol taldeko kideak ere igo ziren eszenatokira, eta baloien jokoaren artean pailazoek puxikak ere airean jarri zituzten.

Egitarau oparoa, Bizipoza jaian

Denek esperotako momentua heldu zen jolasean aritu ostean: Porrotxek eta Zapotxinek apirilaren 27an egingo den Bizipoza jaiaren egitaraua aurkeztu zuten:

 

10:30-14:30, Bizipozako Elkarteen gunea.

10:30-14:30, Bizipoza jolasa.

10:30-14:30, “Euskal tonbola” Dobera Euskara Elkartearen eskutik.

11:00, Go!azen-eko lagunen ikuskizuna.

11:30, Hernaniko erraldoi eta buruhandien konpartsa herrian zehar.

11:45, Ttarla Dantza Taldearen dantza emanaldia.

12:30, Hernaniko musika eskolako trikitilariak herrian zehar.

12:45, Bizipozako elkarteei eskertza eta aitortza ekitaldia.

13:30-15:30, Paella jatea Pausoka elkartearen eskutik.

16:00, Zapotxin, Oorrotx eta Marimototsekin irri, kantu eta dantza.

17:30, Merienda.

18:00, Itzal taldearerekin erromeria.

Urbieta kalea – tailerren gunea

10:30-14:30, Kanika aisialdi taldearen, Aratz ikastolaren eta Gaztelekuaren

haurrentzako tailerren gunea.

12:00, Hernaniko boleibol taldearen “Hartubol” erakustaldia Biteriko plaza.

10:30-14:30, Bizipozako elkarteen tailerrak.

12:15-14:30, Hernani Burujaberen Altxorraren bila.

Aurkezpen ekitaldiari amaieran, trikitilari taldeko kide baten pandero soinuaz kalejiran jarri ziren, eta Ttarlako lagunek agurra dantzatu ostean, ekitaldiari amaiera eman zioten bertaratutako guztiek Agur bat lagun maite dantzatuz, eskusoinuaren laguntzarekin.

Zabaldu: