(argazkiak: Donostia Kultura)

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren testuinguruan, Pakistan: Indusen ibaibideak erakusketa aurkezten dute.

Bertan, Igone Mariezkurrena kazetari eta antropologoak herrialde horretara egindako hainbat bidaiatan behatu eta dokumentatutako errealitateen berri aurki daiteke. Guztiek dute zerikusia aldaketa klimatikoak Indus ibaiaren arroan bizi diren jendeen bizitzetan duen inpaktuarekin eta horren ondorio sozialekin.

Igone Mariezkurrena kazetari eta antropologoaren Pakistan: Indusen ibaibideak izeneko erakusketa paratu dute Aieteko Kultur Etxean, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren testuinguruan. Fotokazetaritza eta antropologia lan honek Indusen ubide horiek hartu ditu hari gisa herrialdearen erradiografia sozial bat egiteko.

Bertatik bertara landa-lanean dokumentatutako testigantzak eta argazkiak dira erakusketaren eduki nagusia. Kaltetuen ahotsa ez ezik, adituen ekarpenak (ikerlariak, irakasleak, Giza Eskubideen aldeko aktibistak) eta azaltzen diren errealitateak dagokien testuinguruan kokatzeko lagungarriak diren datu kontrastatuak ere aurki daitezke.

Aldaketa klimatikoa

Antolatzaileen esanetan, “Pakistan kasu paradigmatikoa da ulertzeko zenbat eta nola oztopatzen duen aldaketa klimatikoak herrialde baten garapen osoa. Izan ere, munduko karbono isurketen %1 baino gutxiago igorri arren, berotze globalak gehien kaltetzen dituen hamar herrialdeetako bat da. Aldiz, ez du baliabide ekonomiko, material ezta egiturazkorik ere egoerari aurre egiteko”.

Glaziarren urtzeak, uholdeek, kutsatutako urek, muturreko lehorteek edota baliabide naturalen pribatizazioak Indus ibaiaren inguruko jendeen bizitzetan eragiten dituzten zuzeneko nahiz zeharkako kalteak aletzen ditu erakusketa honek; alegia, aldaketa klimatikoaren kostu soziala agerian utzi nahi du.

Genero ikuspegia

Emakumeak eta neskatoak bereziki zaurgarriak dira klima aldaketaren ondoriozko pobretzearen eta ziurgabetasunaren aurrean; eta halako egoerek eurenganako askotariko indarkeriak (sexuala, berariazko ezkontzak edota adingabeen salerosketa) areagotzen dituzte.

 Bestalde, LGTBIQ+ kolektiboari eta sexu-langileei zuzenean eragiten dieten problematikak ere jorratzen ditu Indusen ibaibideak lanak. Pakistanen botere legegilea Parlamentuak duen arren, Shariaren Auzitegi Federala arduratzen da lege horiek Sharia edo lege islamiarrarekin bateragarriak direla bermatzeaz. Klima aldaketaren ondoriozko pobretze, inflazio eta ziurgabetasunak fundamentalismo erlijiosoa hanpatu du eta, trans pertsonei eta sexu-langileei dagokionez, horrek eskubide galera ekarri du.

Zabaldu: