Txano eta Oscarren abenturak sagaren hamabi liburuak kaleratu ondoren dator Sara-Li protagonista duen bilduma berria.
Xarpa Books argitaletxe independentea zuzentzen duten Julio Santos eta Patricia Perez gipuzkoarrek proiektu anbiziotsu batean murgildu dira oraingoan, eta Sara-Li protagonista duen haurrei zuzendutako Sara-Li. Mila urte geroago izenburua duen liburu-bilduma argitaratu dute.
Bilduma berri honekin, urrats naturala egin du argitaletxeak, Txano eta Oscarren abenturak sagaren hamabi liburu plazaratu ondoren. “Sara-Liren txanda da orain, Txano eta Oscarren arreba txikiak hartuko du protagonismo osoa, nahiz eta unibertso berean bizi izango diren abenturak eta bere anaiak ere agertuko diren noizean behin. Sara-Liren botere magikoak dira aitzakia, istorio berriak gehiago murgil daitezen magiaren eta fantasiaren munduan”, azaldu dute egileek.
Spin-off honetan, pertsonaia, agertoki eta gai berriak izango dira eta, horrela, izaera propioa izango du bildumak. Txano eta Oscarren familiak adoptatutako neskato txinatarra da protagonista eta, egileek diotenez, “bigarren mailako pertsonaia modura sortu zen, baina haren anaien bildumak aurrera egin ahala, gero eta protagonismo handiagoa hartzen joan zen eta, azkenean, ondo merezita lortu du bere bilduma propioa”.
Sara-Li. Mila urte geroago bildumaren lehenengo alea liburu-denda guztietan eta plataforma digitalen bitartez dago eskuragarri jada.