Orioko Herri Ikastolaren webgunean estreinatu dute.
Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteko IKT taldeak webguneko edukiak hainbat hizkuntzatan irakurri ahal izateko aukera eskaintzen duen sistema bat garatu dute elkarlanean, eta Orioko Herri Ikastolaren webgunean estreinatu dute. Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoa webgunean txertatuta lortu dute eduki guztia, euskaraz bezala, beste zortzi hizkuntzatan ere jaso ahal izatea.
Izan ere, euskaraz idatziriko webgunea da Orioko Herri Ikastolarena, baina webgunearen goiko aldeko barra batean kokatuta dagoen Elia itzultzaile automatikoa erabiliz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez, galizieraz, errumanieraz, urduaz eta arabieraz ere irakur daitezke webgunearen edukiak.
Modu honetara, euskara ez dakiten ikastolako komunitateko gurasoek eskura izango dute euren hizkuntzan ikastolak webgunearen bitartez eskaintzen duen informazio guztia, eta elkarrekin errazago eta arinago komunikatu ahal izateko aukera eskaintzen du. “Gaurko gizartean inklusiorako behar beharrezko beste pauso garrantzitsu bat bezala ikusi du urrats hau Orioko Herri Ikastolak, nork bere ama-hizkuntzan informazioa jasotzeko aukera ematen baitu”.
Alor honetan aitzindaria izan da Orioko Herri Ikastola, lehenbiziko ikastola baita webgunea beste zortzi hizkuntzatan ere eskaintzen duena. Beste ikastola batzuek ere interesa agertu dute sistema hau euren webguneetan txertatzeko, eta Ikastolen Elkarteko IKT taldea ikastolen eskariei erantzuteko bideak aztertzen ari da. Era berean, ikastolen jaien webguneetan eta ikastola.eus atarian ere Elia itzultzaile automatikoa txertatzeko asmoa dauka Ikastolen Elkarteak.
Ikastolek Elkarteak azaldu duenez, “adimen artifizialean oinarritutako eta punta-puntako teknologia erabiltzen duen itzultzaile automatikoa da Elia. Euskara ardatz hartuta sortutako itzulpen automatikoko sistema da, kalitatekoa eta segurua, eta proiektu hau gauzatzeko tresna egokia izan da”.
Orio Herri Ikastolako kultura-aniztasun Taldea
Orioko Herri Ikastola anitza da eta kultura askoz inguratua dago, gainera. Ikastolaren helburua, Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta, euskal herritar izateko baliabideak eskaintzea da eta, aldi berean euren ekarpenak aberastasun gisa ulertzea. Horretarako sortu zuten Kultura-aniztasun Taldea, eta tarteka biltzen dira arlo honen inguruan ekarpenak egin eta elkar aberastu eta ikuspegi hori komunitatera zabaltzeko.
Kultura-aniztasun Taldean, besteak beste integrazioan eta inklusioan hobekuntzak egiteko proposamenak egiten eta lantzen dira, kulturartekotasuna eraiki eta parte-hartzea sustatuz, eta webgunea euskaraz eta beste zortzi hizkuntzatan aberastea egiteko horren adibide bat da, komunikazioa guztia lortzeko gakoa baita.