Marte Lasarte taldeak, orain laukote gisa, bere bigarren aurrerapen kanta kaleratu du

Laukoteak, oraingoan, taldeari izena ematen dion singlea plazaratu du.

Basamortua aurrerapen kantua aurkeztu ondoren, Marte Lasarte proiektuak bigarren aurrerapen kanta bat aurkeztu du. Lehenengo abesti horrekin bikote gisa aurkeztu zuten egitasmoa; azkeneko kantuarekin, berriz, Marte Lasarte taldea osatuko duten kideak aurkeztu dituzte, eta Pello Armendariz eta Borja Antonek osatzen zuten bikoteari Alex Alonso (bateria) eta Lore Nekane Billelabeitia (baxua) batu zaizkio. Aipatzekoa da azken bi horiek ere ez dutela denbora galdu musika eszenan; Alonsoren kasuan, talde anitzetan aritu da (La Oreja de Van Gogh, Skakeitan, ETS edota Tierra Santa) eta Billalabeitia, bereziki, Belako taldean.

Laukoteak, oraingoan, taldeari izena ematen dion singlea plazaratu du. Kontalari gisa, egun euritsu eta gris batean esnatzen da pertsonaia nagusia lagun baten etxean, pixkanaka bera hazi zen auzo eta hiriaren deskribapen bat egiten digu. Horiek bere musika ibilbide eta filosofiarekin lotuta, hitzek Marte Lasarte sortzen den testuingurura eramaten gaituzte: gentrifikazioa, desplazamenduak, proiektu aldaketak, prozesu sortzailea, artearen aldarrikapena eta guztia erreferentziez betetako abesti batean. Musikak, berriz, gordintasuna eta giro inguratzaile bat duen melodia nostalgikoaz aparteko abesti bat oparitzen digu.

Horretarako, aurreko abestian elkartu ziren lagun batzuk izan dira abesti honetarako ere: Jon Badi (NorthWaves Sound), Armendariz eta Antonekin batera ekoizpenean eskua sartzen; Haritz Harreguy, grabaketan eta nahasketan; eta Victor Garcia, masterizazioan.

Muga ekoizpen taldeko kideek (Aitor Aranguren eta Erik Suso), beste behin ere, hartu dute bideokliparen argazkigintza eta grabatzearen ardura. Dena den, pisuaren erdia hartu dute iruditeri eta estetika aldetik, haiekin batera elkarlanean Jabier Rodriguez, Ander Perez de Arenaza eta Maialen Arocena ibili direlako bideoan zehar agertzen diren ilustrazioei bizia ematen. Taldeak Donostiako zonalde zehatz batzuetan hartuko du ahotsa abestian gertatzen dena nolabait berpizteko.

Zabaldu: