Elkarrizketak, aurkezpenak, hitzaldiak, podcastak eta musika eta ikus-entzunezko emanaldiak izango dira maiatzaren 16tik 18ra bitartean Tabakaleran eta Dabadaban.
Immaterial digitalaren inguruko paradigma berriak ikertzera bideraturiko jaialdi esperimental bat da. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Askotariko arte-adierazpenen erakusketa baten bidez, teknologien gaur egungo egoera eta erabilerari helduko zaio, baita haien alde estetiko, sozial eta politikoei ere”. Elkarrizketaz, aurkezpenez, solasaldiz, podcastez edo kontzertuz osatutako programazioaren bidez, jaialdiaren helburua erreferentziazko komunitateak inplikatzea da, eremu digitaletan esperimentazio artistikorako eta praktika kulturalerako gune bat sortzeko.
Edizio honek Dabadaba aretoaren laguntza jaso du musika elektronikoko eta ikus-entzunezko emanaldi esperimentalen programa antolatzeko. Saio horiek Dabadaban eta Tabakaleran izango dira.
Immaterialen laugarren edizioak gero eta hibridoagoa den mundu baten ikerketan jarraituko duela nabarmendu du antolakuntzak, “bertan, eremu fisikoek eta digitalek bat egingo dute, elkar-trukeak dituzten eta elkarri eragiten dioten, tarteko espazioak eta haietan gertatzen diren logikak aztertuz. Hori lortzeko, ingurune bat sortzea proposatzen du, non fisikoa eta birtuala, sorkuntza praktikoa eta teorikoa, ludikoa eta politikoa nahasten diren eta elkarri eragiten dioten”.
Living the Uncanny, ezohikoan edo deserosoan bizitzea, da laugarren edizio honen izenburua, eta Masahiro Morik formulatutako hipotesia den bailara asaldagarriko (Uncanny Valley) estetikari egiten dio erreferentzia. “Erreplika antropomorfikoak gizakion itxura eta portaerara gehiegi gerturatzen direnean, ikuslearengan arroztasun edo gaitzespen erantzuna eragiten dutela proposatzen du. Une hori Adimen Artifizialaren (AA) erabileren ondoriozko estetika berrietara ere estrapolatu daiteke, non sorkuntza bisualetan, arrazoiren batengatik, ikusleak zerbait deserosoa sumatzen duen eta, aldi berean, horiek ugaritzeak paisaia eta une estetiko berri bat osatzen duen, iruditeria kolektiboan kokatzen dena eta, akaso, akatsaren edertasuna besarkatzea proposatzen diguna”.