(argazkia: Donostia Kultura)

‘Disko formako hilarrien inbentarioa Gipuzkoan, 2021’ argitaratu du Donostiako San Telmo Museoak

Lan hau ezagutzera emateko eta hilarrien inguruan sakontzeko asmoz, gaur, maiatzak 7, Paradigmas del pasado izeneko hitzaldia izango da museoan, Luis del Barrio ikerketaren egilearen eskutik. Hitzaldia arratsaldeko 19:00tan hasiko da eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Luis del Barrio Bazacok egindako ikerketa baten emaitza da San Telmo Museoak bere webgunean argitaratu duen Disko formako hilarrien inbentarioa Gipuzkoan, 2021. Bertan, oso bisualak diren fitxen bidez, Gipuzkoan aurkitutako disko formako 77 hilarri biltzen eta dokumentatzen dira, guztiak lehen milurtekoaren amaieratik gaur egunera arte datatuak. Argitalpen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak aurretik burututako lan bat du abiapuntu. Orain, lan hori eguneratu, diseinatu eta webgunean argitaratu da, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz.

Lan hau ezagutzera emateko eta hilarrien inguruan sakontzeko asmoz, gaur, maiatzak 7, Paradigmas del pasado izeneko hitzaldia izango da museoan, Luis del Barrio ikerketaren egilearen eskutik. Hitzaldia arratsaldeko 19:00tan hasiko da eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Bestalde, museoko hilarri bildumatik abiatuta, maiatzaren 11n eta 25ean, familiei zuzendutako tailerrak egingo dira. Manu Muniategiandikoetxea artistak gidatuko du sormena garatzeko eta sormen prozesua lantzeko tailerra. Bertan, San Telmoren objektu baten irakurketa berri bat egingo dute parte hartzaileek, arreta emaitzan ez ezik sorkuntza prozesuan ere jarriz. Sarrerak museoaren webgunean eskuratu ahal izango dira.

Disko formako hilarrien inbentarioa Gipuzkoan, 2021, Lurrailan SLko Luis del Barrio Bazacok egindako tokian tokiko ikerketa baten emaitza da. Aurreko ikerketetan inbentariatutako 64 hilarri fisikoki dokumentatu eta karakterizatu dira eta XX. eta XXI. mendeetako 11 pieza berri erantsi dira, 2015. eta 2021. urteen artean aztertuak. Egun bi piezak desagertuta bezala jarraitzen badute ere, lanean dokumentaturik azaltzen dira. Gainera kanpoko jatorria duten lau pieza barne hartu dira, nafarrak batik bat, duela urte batzuk Gipuzkoara ekarritakoak, eta askok bertakotzat dituztenak.

Fitxetan antolatuta, hilarri bakoitza topatzen den udalerriaren arabera alfabetikoki azaltzen da, eta, ondoren, haren izena, jatorrizko kokalekua, egungo kokalekua edo gordailu lekua, deskribapena, kontserbazio egoera orokorra, egungo argazkiak eta bibliografia eskaintzen delarik.

Hilarri guztietatik, 14 San Telmo Museoan kontserbatzen dira (bertan Euskal Herriko zein mugakideen hilarrien bilduma zabala zaintzen delarik); bat Ibarraundi Museoan (Eskoriatzan);   beste bat Euskal Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoan (Bilbon); 9 Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan; 10 hainbat udaletxeren egoitzetan edo haien kargura dauden espazio publikoetan; 11 baseliza ezberdinen barruan edo inguruan; 26 etxebizitzetan, panteoietan edo jabetza pribatuko lursailetan; 3 antzinako bideen parean, eta ezin da zehaztu jatorrizkoa kokapena den ala ez.

Gipuzkoa eta bere disko formako hilarriak

Ikerketa lan honek, gure historiaren garai desberdinen erakusle diren balio etnografiko handia duten Gipuzkoako disko formako hilarriak aztertzen ditu. Argitalpen digital hau osatzen duten fitxen bidez, hilarrien bilakaera eta garapena azaltzen dira. Zizelkatzeko garaian aldaketak ikus daitezke, hasierakoen ikur paganoetatik, Erdi Arokoen ikur erlijiosoetara, XVII/XVIII. mendeko dekadentzia funtzionala suertatu zen arte. Eta berrikuntza gisa, 2021era arte zizelkatutako hilarriak jasotzen ditu. Horrela, inbentarioak balio kalkulaezina duen kultura ondarea barne hartzen du, hilarriak heriotzaren munduari lotutako ikusmolde, sinesmen eta sentimenduen euskarri, lekukotza eta bide baitira.

Zabaldu: