‘Piztuta! Euskal Kultur Begirada’ euskarazko kulturari buruzko zikloa Iruñera itzuliko da gaur

Zikloa arratsalde honetan abiatuko da, txalaparta jotzen hasteko lau saioko lantegi batekin, maiatzaren 7tik 16ra bitartera, Hutsun txalaparta-taldearen eskutik.

Gaurtik maiatzaren 18ra bitartean, Piztuta! Euskal Kultur Begirada euskal kulturari eskainitako zikloa egingo da Iruñeko Juslarocha eta Sanduzelaiko Civivoxetan. Edizio berri honetan, hiru lantegi, kontzertuak, musika- eta dantza-ikuskizunak eta haurrentzako jarduerak –ipuin-kontalaria edo txotxongilo-antzerkia kasu– izango dira. Jarduera gehienak doan izango dira, baina aldez aurretik izena eman beharko da.

Zikloa gaur arratsaldean abiatuko da, txalaparta jotzen hasteko lau saioko lantegi batekin, maiatzaren 7tik 16ra bitartera, Hutsun txalaparta-taldearen eskutik. Lantegia 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta instrumentura eta haren oinarrizko arauetara hurbilketa bat eskaintzen du, kolpe tradizionalenetatik txalaparta moderno, kirikoketa eta toberaraino. Lantegia Juslarrocha Civivoxean egingo da doan, aldez aurretik izena emanda.

Txalaparta du ardatz ere Joko Txukun haurrentzako hastapen-lantegiak. Maiatzaren 11n, 11:00etatik 13:00etara izango da, Juslarrochan hau ere. Lantegia euskaraz egingo da eta sarrera doakoa izango da. Haurrentzako euskarazko beste lantegi bat Euskal mitologiako pertsonaiak izango da, 5 eta 10 urte bitarteko gaztetxoentzako antzerki adierazpena lantzen duena. Lantegia maiatzaren 12an egingo da, 12:00etatik 13:30era, Sanduzelaiko Civivoxean.

Kontzertua, antzerkia eta ipuin-kontalaria

Kontzertuen programazioa maiatzaren 10ean, ostirala, 19:30ean, abiatuko da Harribitxi bikotearen Deiadar diskoaren aurkezpenarekin, Sanduzelaiko Civivoxean. 16 urtetik gorakoentzako kontzerturako sarrerek euro bateko prezioa dute. Iker Alvarez eta Aitor Urquizak osatutako bikoteak txistuaren eta silbotearen musika tradizionala danborrekin, salterioarekin, danbolinekin, panderetekin, kajoiarekin eta txindatekin, besteak beste, uztartzen du.

Maiatzaren 11n, larunbata, Sanduzelain, Munduari itzulia 80 egunetan txotxongilo eta objektuen antzerkia egingo da, 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta. Sustrai Teatroa taldearen ikuskizuna euskaraz izango da, doan.

Hurrengo hitzordua Eguzkilore mitologiari eta jazzari buruzko euskarazko ikuskizuna izango da, maiatzaren 17an, asteartea, 19:30ean, Sanduzelain. Xabi Olkozen emanaldirako sarrerek euro bateko prezioa izango dute eta ikuskizunak magiaz beteriko mundu batean murgiltzeko gonbidapena egingo du. Olkozek konposatutako jazz musikaren, narrazioen eta proiekzioen bitartez euskal mitologiaren tradizioa birsortuko du.

Programa maiatzaren 18an, larunbata, amaituko da, haurrei eta 16 urtetik gorakoei zuzendutako doako jarduerekin, hurrenez hurren. Goizean, 12:00etatik 13:00etara Euskal mitologia jira eta bira euskarazko ipuin-kontalariak Sorgina Txirulinaren zeharkako txirulak lagundutako istorioak eskainiko ditu Juslarochan. Arratsaldean, 19:00etatik 20:00etara, Juslarrochan ere, Xirristi-Mirristi Erika Liqueteren diziplina anitzeko ikuskizuna euskaraz izango da. Honen ardatzak bost emakumeri buruzko ahozko narrazioa, zuzeneko musika eta publikoarekiko hurbiltasuna dira.

Zabaldu: