Iruñeko Jaso ikastolak ‘Itsas7’ musikala estreinatuko du ostiralean Barañainen

Herri txikien despopulazioaren inguruan hausnartzeko musikala izango da aurtengoa.

Iruñeko Jaso ikastolak ostiralean, hilak 10, estreinatuko du Itsas7 izeneko musikala. Oraingo honetan Barañaingo Auditorioan izango ditu bere lehen bi emanaldiak. Lehena 11:00etan Jaso eta Paz de Ziganda ikastoletako ikasleentzat, eta bigarrena 19:00etan publiko orokorrarentzat.

Aurtengoan herri txikien despopulazioaren inguruan hausnartzeko gonbita egin nahi diote publikoari. Etorkizuna. Kutsadurak eta lehorreko errekurtso falta dela eta zibilizazioa ur azpira bizitzera joan behar izan da, hiriak kupuletan sartuz. Lehorrean azken herriak geratzen dira. Bertako nekazariek haien bizimodua kontrabandoaren bitartez eta nekazaritzari esker mantentzen dute, baina Geroz eta jende gutxiago dago uzta horiek eta animaliak zaintzeko. Mundua kolapsora iristera dago. Hirietan bizimodua erabat aldatu da.

Berrikuntza gisa, ikuskizun honetarako hamalau kidetako orkestra bat sortu dute ikasle, ikasle ohi eta gurasoekin.

Jaso Musikala

Hainbat pertsonaren borondatezko lanari esker jaio zen Jaso musikala eta horrela jarraitzen du gaur egun ere. Horrek balio bikoitza ematen dio musikalari. Alde batetik, zuzendaritza ikastolako irakasleek osatzen dute, eta, bestetik, taula gainean zein beste hainbat lan eginez, ikuskizun bakoitzean Bigarren Hezkuntzako 50 gaztetxo inguru daude, adin eta maila desberdinetakoak.

Muntatzen edota atrezzoa prestatzen laguntzen duten familien parte-hartzea ere aipagarria dela dio Iruñeko ikastolak. Aurtengoa hamabigarren edizioa da eta Euskal Herriko hainbat antzokitan izan dira. “Baluarten eta Barañaingo Auditorioan aritu gara, baina baita Baionan, Donostiako Victoria Eugenia eta Kursaalean, Bilboko Arriagan eta Tuteran ere”.

Zabaldu: