(argazkia: Errenteriako Udala)

Errenteriako Agustinak kultura eta sormen industrien zentroko hiru egoiliarren lanak, Jantziaren Zentroan ikusgai

Anne Gajate, Ruben Pantiga eta Maite Anton Mugerzaren lanak dira. Hiru estilo eta bilduma ezberdin, hirurak ere oihalgintzarekin zer ikusia duten proposamenak dira.

Agustinak kultura eta sormen industrien zentroko egoiliarren erakusketa ikusgai dago Errenteriako Jantziaren Zentroan. Joskintza lantzen duten hiru sortzaileren proposamen berriek ekainaren 30era arte Kapitain-etxearen sarrerako aretoa beteko dute.

Anne Gajate, Ruben Pantiga eta Maite Anton Mugerza, hiru estilo eta bilduma ezberdin, hirurak ere oihalgintzarekin zer ikusia duten proposamenak dira.

Anne Gajatek (Errenteria, 1990) Sakura izeneko 2024 udaberri-udako gonbidatuentzako bilduma berria aurkeztuko du. Sakura hitzak japonieraz gereziondoaren lorea esan nahi du, eta hain juxtu loraldi horretan inspiratu da Gajate bilduma berria sortzeko. Anne Gago markak ospakizun berezietarako emakumeentzako jantziak egiten ditu, guztiak ere kalitatezko ehunetan josiak, horietako batzuk eskuz brodatuak.

Ruben Pantigak (Asturias, 1979) ReWork izeneko proposamenarekin berrikuntza eta originaltasun narratiba irudikatzen du. Helburua da diseinatzailearen markak, KIBō Moda Consciente-k iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmentzea, horretarako mundu zabalean ehungintzaren industriak egiten dituen gehiegikeriak gogorarazita. Sortzaileak upcycling teknikaren eta berrerabilitako ehunen bidez berrerabilpenean edertasuna eta dotorezia egon daitekeela erakutsi nahi du.

Azkenik, Maite Anton Mugerzak (Ondarroa, 1988) Lili bat bilduma dakar Jantziaren Zentrora. Bildumak udaberriaren, naturaren eta loreen esentzia islatu nahi du oihaletan. Puntada bakoitzean loreen fintasunari bizia ematen dio, haien esentzia oihalean harrapatuz, udaberriak lurra esnatzeko duen arreta berarekin. Txatxala joskintza proiektuaren proposamen berrirako sortzaile ondarrutarrak loreak ditu inspirazio iturri, moda-osagarrietan: poltsak, motxilak, karterak, buffak eta turbanteak.

Hiru sortzaileak apirilean zabaldu berri den Agustinak kultura eta sormen industrien zentroko egoiliarrak dira, eta erakusketa Jantziaren Zentroak eta Agustinak zentroak batera egindako elkarlanaren lehen emaitza da.

Agustinak kultura eta sormen industrien zentroko egoiliarren 2024 erakusketa Jantziaren Zentroaren beheko solairuan doan bisitatu ahal izango da ekainaren 30era arte.

Zabaldu: