Oraingoan ere, herrialdeko helduen Bertso Eskolen sarea aktibatzea eta bertso komunitatea indartzea izango dira xede nagusiak. Maiatzaren 28ra arte eman ahal izango da izena.
Data eta lekua zehazteko dauden arren, iraila eta urria bitartean Bardoak, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa jokatuko dela iragarri du Bertsozale elkarteak. “Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa, 2022ko Bardo Egunaren ostean, eta 2020an azkenekoz egin zen txapelketaren egitura berreskuratuz, orain arteko oinarriari eutsiko dio, norbanakoen gainetik taldeari protagonismoa emanez”. Modu horretan, helduen Bertso Eskolen sarean eragin nahi du Nafarroako Bertsozalek, “taldeen arteko harremanak bultzatuz, bertso mugimenduko kide ezberdinak aktibatuz eta plaza berrietara iritsiz”. Era berean, “bertsoaren alderdi ludikoena” azpimarratu nahi izan dute, txapelketaren formatuari eutsiz, baina kutsu informaleko saioak antolatuz.
Taldea izango da oinarria, eta talde bakoitzak hartuko ditu bere gain dagozkion antolakuntza lanak. Lehen fasean, ohiko gisan, bi saiotan ariko da talde bakoitza, bata etxean eta bestea kanpoan. Taldeek webgune honen bidez eman beharko dute izena, maiatzaren 28a baino lehen. Taldeak osatzerakoan, ondorengo irizpideak jarraitu beharko dituzte: Gutxienez bost kidez osatutako taldeak izango dira, hiru bertsolari, aurkezle bat eta antolatzaile bat. Dena dela, antolatzaileak gehiago ere izatea gomendatzen da, etxeko saioko antolakuntza lanei behar bezala aurre egin ahal izateko; bertsolarien mailak heterogeneoa izan behar du, ahal dela, noizbait Nafarroako Bertsolari Txapelketan finalista izandako bat baina gehiago talde berean ez egoten, edo egotekotan, saio berean ez kantatzen saiatuko dira. Era berean, azken urteetan bertsotan hasi den bertsolariren bat ere egotea aholkatzen da; taldeak ahalik eta anitzenak izatea gomendatuko da, bai adinez, generoz, bertso mailaz; ahal dela, aurreko edizioko taldea bere osotasunean ez errepikatzen ahalegindu beharko dira taldeak; eta 2009a baino lehenago jaiotakoek parte hartu ahalko dute.
Talderik ez izan arren bakarka izena eman nahi duenak horretarako aukera izango du, nafarroa.sustapena@bertsozale.eus helbidera idatziz. Talde antolatzaileak proposatuko du pertsona horiek ze taldetan sartu, edo talde berriak egingo ditu.
Izena eman ostean, talde bakoitzaren betebeharrak jakinaraziko dira, bai eta txapelketaren egiturarekin, multzoekin, datekin eta ariketekin lotutako informazioak ere.