Dinamikaren helburua da tokian tokiko komunitatearen parte-hartzea aktibatu eta euskararen erabilera handitzeko akordio eraldatzaile berriak sustatzea.
Euskaltzaleen Topaguneak, euskararen erabileran goranzko jauzi bat emateko asmoz, Batera jauzi jendarte laborategia jarri zuen martxan iaz. Hainbat sektoretako eragileekin elkarlanean jorratutako prozesu horren emaitzak, erakundeak iaz egindako III. Kongresuan ikusi zuen argia. Bertan, mugimendu euskaltzalearen ildo estrategikoa onartu zen, erabileraren arorako norabidea finkatuz.
Orain, herriz herri Euskal Herri osora zabaldu nahi du dinamika hori Topaguneak, “tokian toki euskararen aldeko sarea zabaldu, komunitategintzan sakondu, akordio berriak adostu eta erabileran jauzi bat emateko oinarriak sendotzeko”, azaldu dute.
Hala, Arrigorriagan abiatu da Batera Jauzik jendarte laborategiak dinamikaren ibilbidea. Euskarri euskara elkarteak, Arrigorriagako Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean abiarazitako prozesua maiatzean hasi eta azarora luzatuko da.
Bost lagunez osatutako talde motorra gidari dutela, herriko sektore ezberdinetako hamahiru pertsonek osatu dute Elkarrizketa Talde eragilea. Tartean, ekarpenak ahalik eta aberatsenak izan daitezen, herriko xede talde esanguratsuenekin kontraste bilerak egingo ditu Elkarrizketa Talde Eragileak.
Azaroaren amaierarako hizkuntzaren egoeraren diagnosi komunitario bat adosteaz gain, Arrigorriagan euskararen erabilera hauspotzeko epe luzeko gidalerroak zehaztuko dira.
Euskararen biziberritze prozesuak euskalgintzan ari diren eragileez gain bestelako bultzatzaileak ere behar dituela kontutan hartuta (euskaratik urrunago bizi direnak, esaterako), prozesu komunitarioak sustatzearen balio eraldatzailea azpimarratu nahi izan du Euskaltzaleen Topaguneak.
Helburu horren bila, Batera Jauzi jendarte Laborategiak Euskal Herrirako lehenetsitako eraldaketarako baldintzak herriz herri eta gobernantza partekatuan oinarrituta garatu nahi ditu Topaguneak.