360°-ko esperientzia berria bisita gidatuan sartuko da lehendik dagoen errealitate birtualarekin, eta, hori osatzeko, katedralaren nabea eta hiriko Harresia bisitatu ahal izango dira.
Santa Maria Katedrala Fundazioak hiru ikus-entzunezko berri aurkeztu ditu Gasteizen. Horiei esker, bisitariek Katedralaren eraikuntza-bilakaerari buruzko sekuentzia osoa osatu ahal izango dute espazio guztietan, errealitate birtualean bisita osoa egitearekin batera.
Cristina Gonzalez diputatuak adierazi duenez, eszena berriek “proiektu bati amaiera emango diote, eta bisitariek aukera izango dute denboran zehar ‘bidaiatzeko’ errealitate birtualaren bidez. Hala, hiriak eta tenpluak IX. mendetik XIV. mendera bitartean izandako bilakaera ikusteko aukera izango da. Gainera, errealitate birtualeko bisitak erantzun bikaina izaten ari dira herritarren aldetik”.
XIII. eta XIV. mendeetako katedralera ‘bidaiatzeko’ aukera ematen duten errealitate birtualeko hiru ikus-entzunezko berrien xehetasunak ere eman ditu diputatuak: “2018az geroztik, Gasteizko jatorriari, Erdi Aroko harresiari eta Santa Maria Katedralari buruzko 3D formatuko liburuaren hainbat kapitulu idatzi ditugu. Orain, berriz, proiektu honi amaiera eman nahi izan diogu, Katedralaren eraikuntza-bilakaera osatuz hiru bideo berrirekin”.
360°-ko esperientzia berria bisita gidatuan sartuko da lehendik dagoen errealitate birtualarekin, eta, hori osatzeko, katedralaren nabea eta hiriko Harresia bisitatu ahal izango dira. Interesatuek erreserbak egin beharko dituzte Katedralaren webgunean edo 945 255135 telefonora deituta.
Era berean, Santa Maria Katedrala Fundazioak 360°-ko bideoak herritar guztien eskura jarriko ditu www.catedralvitoria.eus webgunean, aurretik ekoitzitako piezekin batera. Beraz, eduki-mota hori erreproduzitzeko garatutako gailu bat duen edonork ikus ahal izango ditu.