Amaia de Diego eta Elena Andraiz dira Bonita Estudioaren sortzaileak (argazkia: Zestafesta)

Zestafesta, diseinua eta sormena uztartzen dituen jaialdia izango da maiatzaren 25ean, Hondarribian

Helburua da tailerren eta ponentzien bitartez, sormen-talentua ezagutzera ematea, eta sormenak proiektu baten azken emaitza baino askoz gehiago hartzen duela gogoraraztea. 

Maiatzaren 25ean izango da Zestafesta ekimenaren lehenengo edizioa, Hondarribiako Itsas-Etxea Auditoriumean. Julia Lasa, Patri Taberna eta Ane Garmendia ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoen eskutik sortu da sormenaren eta diseinuaren jai hau.

Ekimenaren helburua da tailerren eta ponentzien bitartez, sormen-talentua ezagutzera ematea, eta sormenak proiektu baten azken emaitza baino askoz gehiago hartzen duela gogoraraztea. “Uste dugu ponentziek Hondarribian, eta Gipuzkoan orohar, hutsik dagoen espazio bat bete dezaketela, era honetako topaketak beste hiri batzuetan egiten baitira, baina ez hemen. Diseinu grafikoaren sektorerako, ikus-sektorerako, ilustraziorako edo arte-zuzendaritzaren sektorerako garrantzi handia duten topaketak dira, sektorea profesionalizatzeko oso lagungarriak baitira. Garrantzitsua iruditzen zaigu sinergiak sortzea eta gure hizkuntzarekin trebatuta ez dauden guztientzako sortzaile baten lanak esan nahi duenari buruzko begirada zabaltzea”, adierazi dute antolatzaileek.

Zestafestaren lehenengo edizio honen egitarauari dagokionez, sormen-tailerrak egongo dira goizean, Ainhoa Gordo (AG Caligrafía), Kattalin Agueda (Banaka Tailerra) eta Libe eta Maore Sagarzazuren (Kulluxka) eskutik. Arratsaldean, 16:30etik aurrera, ponentzien txanda izango da, sormenaren munduko izen interesgarriekin: Bonita Estudioa, Andoni Beristain, Isa Muguruza eta Pensando en Blanco.

Horrela, gertuko giro batean haien ezagupenak eskainiko dituzten Hondarribiako sortzaileen tailerren eta izen handiko sortzaile euskaldunen ponentzien arteko oreka bat lortu dute antolatzaileek egitarauan. Bonita Estudioko kideek egingo dute hitzaldietako bat; sormen-lantalde horrek modernitatea eta tradizioa fusionatzen ditu diseinu grafikoko proiektuetan. Andoni Beristain ere izango da, argazkilaria eta arte-zuzendaria, mundu bisualarekiko sentitzen duen lilura partekatuko duena. Isa Muguruzak ospea lortu du duen estilo berezi eta koloretsuari esker. Eta Pensando en blanco, berriz, askotariko sormen-diziplinen bitartez, marken identitatea esploratzen duen proiektua da.

Zabaldu: