(argazkia: AEK)

AEK-k jaso du Ibilbideari elkar saria eta Josu Goikoetxeak Joseba Jaka beka

Elkar Fundazioak Adunan duen egoitzan banatu dira 2024ko Ibilbideari Elkar saria eta Joseba Jaka beka.

Bi urtetik behin banatzen den Joseba Jaka beka emanez hasi da ekitaldia. Aurten narratiba lan bat egiteko beka eman du Fundazioak. 15 lan aurkeztu dira eta Irati Majuelok, Itziar Ugartek eta Iban Zalduak osatutako epaimahaiak erabaki du beka Josu Goikoetxea Gezuragari ematea, Hiltzailea eta beste ipuin batzuk lana egin dezan.

Epaimahaikideek azpimarratu dute, “ipuin soltez osaturiko bilduma bat definitzen erraza ez izan arren, laginean aurkezturiko ipuinen kalitatea: originaltasuna, indarra, iradokitzeko ahalmena eta gehiago irakurtzeko gogoa”.

Goikoetxeak 10.000 euroko saria jasoko du eta urtebeteko epea izango du bere lana egiteko. Liburua, ondoren, Elkar argitaletxeak argitaratuko du.

Beka jasotakoan, Josu Goikoetxeak eskerrak eman ditu eta esan du Beka hau akuilu izango dela liburua idazteko.

Ondoren, Ibilbideari Elkar saria banatzeko unea iritsi da. Jon Jaka Patronatuko idazkariak azaldu ditu saria AEKri emateko arrazoiak eta gogora ekarri du frankismo garaian abiatutako gau eskolen mugimendua eta ordutik hona AEK-k euskalduntze-alfabetatzean egindako ekarpena:

“Baldintza zailetan, eta ia hutsetik abiatuta, heldu euskaldunak alfabetatzeko eta euskalduntzeko herriz herri sortu ziren gau eskolen arteko koordinazioa sortzeko eratu zen AEK, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, 70eko hamarkadan, Euskal Herri zabaleko gau eskolak eta euskaltegiak bilduz bere barne. Urte luzetan, instituzioen behar bezalako ezagutzarik gabe aritu behar izan zuen 80 eta 90eko hamarkadetan, eta horrek baliabide falta eta baldintza ez egokiak eragin zizkien. Lan baldintza egokien faltari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zien AEK-k bere xedea lortzeko ahaleginari uko egin gabe.

Milaka lagun euskaldundu da AEK-ko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen Korrikaren eskutik. Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere. Bi urtetik behin, milaka eta milaka lagun euskararen aldeko mezua zabaltzera bultzatzen ditu Korrikaren eskutik, euskararentzat itxaropena sortuz eta mezu argia zabalduz gizartean: euskara denona da eta haren etorkizuna guztion eginkizuna da. Martxoan egin berri den azken edizioak argi erakutsi digu hori, harro dagoen herria kalera atera da Euskal Herria euskararen herria dela eta izatea nahi dugula esateko.”

Jakak gogoratu du euskararen normalizazioak guztion parte hartzea eskatzen duela, euskara ezin dela haurren eremura mugatu eta Garazi Arrulak Korrikako mezuan adierazi bezala “euskarak ekosistema osoa behar duela eta hori lortze aldera egiten du lan egunero AEK-k”.

AEK eta Korrika ordezkatuz, AEKren Artezkaritza batzordeko kide Aitziber Balantzategik, Bixente Claveriek, Xabier Gartziak, Lurdes Etxezarretak eta Aize Otañok eta Korrikako koordinatzaile nagusi Ane Elordik jaso dute saria Joxemari Sors eta Jakaren eskutik.

Balanzategik eta Elordik hartu dute hitza eskerrak emateko eta gogora ekarri dituzte urteetan modu batera edo bestera AEK kide izandako guztiak, saria guztiena dela ulertzen baitute.

Zabaldu: