Arte eszenikoen lau ikuskizun, dantza bertikaleko tailer bat, Güarimba taldearen kontzertua eta egun horietan margotuko den horma-irudi berrira bisita gidatu bat jasotzen ditu egitarauak.
Aurreko edizioetako harrera ona ikusita, Saioa Iribarren eta Ander Basalduaren Goitibera antzerki konpainiak eta Erronkariko Udalak Baratxinto Fest jaialdia antolatu dute ekainaren 21etik 23ra bitartean, Erronkarin, Uztarrozen eta Burgin. Pirinioetako Arteen laugarren jaialdia izango da aurtengoa eta egitarau oparoa antolatu dute.
“Kalitate handiko proposamen artistikoak izango dira jaialdian, hala nola arte eszenikoen lau ikuskizun, dantza bertikaleko tailer bat, Güarimba taldearen kontzertua eta egun horietan margotuko den horma-irudi berrira bisita gidatu bat”, zehaztu dute antolatzaileek.
Jaialdia, hilaren 21ean, ostiralean, abiatuko da, Erronkariko Baratxintoan 19:00etan izango den bertso saioarekin. Jarraian, Osete Delirios clown konpainiak Armando Delirios antzezlana taularatuko du pilotalekuan. Azaldu dutenez, “working progress antzezlan bat da -ikusleak sorkuntza prozesuan parte hartzera bultzatzeko modu bat-, konpainia horrek martxoan eta apirilean Erronkariko eskola zaharrean egin zuen egoitza artistikoaren emaitza. Antzezlan honetan oso modu pertsonalean uztartzen dira malabarrak, orekak, magia eta akrobazia”.
Larunbat goizean, La Glo Circo talde bizkaitarraren dantza bertikaleko tailerra izango da Erronkariko pilotalekuan, eta Maite Guevara konpainiak ¡Qué buen día! clown ikuskizuna eskainiko du Uztarrozeko plazan. Ondoren, Erronkarin, herri bazkaria eta mikro irekiko saio bat izango dira. Bertan, artistek zein ikusleek parte hartu ahal izango dute. Arratsaldean, Güarimba talde nafarrak Derivas tropicales kontzertua eskainiko du Suargi tabernan.
Egunari amaiera emateko, La Glo Circok Ensueño dantza bertikaleko ikuskizuna eskainiko du. Ibarrean lehen aldia izango da dantza bertikaleko ikuskizun bat eskainiko dena, eta ez nolanahiko agertokian; izan ere, Julian Gayarre tenorrak eraikiarazi zuen pilotalekuko harrizko hormetan egingo da.
Jaialdia igandean amaituko da, beste bi jarduerarekin: eguerdian bisita gidatua egingo da Iñaki Rifaterra artistak erronkarierazko esaldi eta testu laburretan oinarrituta egindako horma-irudi artistikoa ikusteko; eta arratsaldean, Zirko Txoskok Forzudos zirku-clown ikuskizuna eskainiko du Burgiko plazan, “oso ikuskizun bisuala eta umoretsua da, ergelkeria eta indarra zirkuarekin eta akrobaziekin nahasten dituena”.