Bere lana nagusiki Donostian garatu zuen Elbira Zipitriari aitortza egin eta haurrei ezagutarazten lagundu nahi duen liburua da.
Elbira Zipitria andereñoa izenekoa Denonartean argitaletxeko album ilustratua da, Antton Kazabon idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak sortua. Koloretan argitaratua, 36 orrialdek osatzen dute. 800 aleko tirada egin da.
Donostia Kulturako liburutegien haur sail guztietan egongo da, eta ikastetxeetara ere iritsiko da Liburuka programaren bidez. Egitasmo horri esker parte hartu nahi duten ikastetxeek udal liburutegietako liburuak maileguan jasotzen dituzte. Liburu dendetan ere erosi ahal izango da 15 euroren truke.
Sortzaileei laguntzeko ildoari jarraituz, aurreko urteetan ere Donostia Kulturak beste liburu batzuen edizioa babestu izan du. Hain zuzen ere, 2023an, Jabier Iraola Gabilondoren Igeldoko historia eta istorioak; 2022an, Claudio Artesano Garicanoren Morlans denboran zehar = Morlans a través del tiempo,; eta 2020an, Jokin Mitxelena eta Antton Kazabonen Burnizko potoa. Kasu guztietan, Donostiarekin lotura duten proposamenak izan dira.
Elbira Zipitria
Zumaian jaio zen 1906an, baina, aitak zuen lanagatik, Donostiara joan zen bizitzera oso gazte zela. Alde Zaharreko Fermin Calbeton kaleko 26an zuten etxea.
Zipitria euskaltzale amorratua izan zen, beste gauza askoren artean. Gerraosteko lehenengo ikastola ezkutuan jarri zuen martxan, pedagogia aurrerakoiak erabiliz eta neska-mutilak elkarrekin ikasgela berean heziz, berdintasunean eta euskara hutsean. Irakasle berriak prestatu zituen, eta ilunabarretan Gau Eskolan gurasoak euskalduntzen eta alfabetatzen zituen.
Irakasle ikasketak egin ondoren, 22 urterekin hasi zen lanean, Koruko Andre Mariaren ikastetxean. Berrehun bat neska-mutil zebiltzan bertan eta denak euskaraz eskolaratzen zituzten. 1936an, ordea, ihes egin behar izan zuen Iparraldera, beste euskaldun abertzale eta euskaltzale askorekin batera. Han ere euskarazko eskolak ematen jarraitu zuen Zipitriak: Azkainen, Ziburun, Donibane Lohizunen eta Saran. Urte horietan irakaskuntzako bide berriak ikasten eta aztertzen ere jarraitu zuen.
1942an Donostiara itzulitakoan, oso aldatuta zegoen guztia. Egoera txarra aurkitu zuen: euskara debekatua, irakaskuntza derrigorrez espainiera hutsean eta hezkuntza sistema atzerakoia. Zigortua egon arren, haurrak euskaraz eskolaratzen aritu zen hainbat etxebizitzatan, azkenean bere etxeko salan ikasgela sortu zuen arte, Fermin Calbeton kaleko 26an. Hura kontsideratu daiteke gerraosteko lehenengo ikastola.
Garai hartako irakasle berri askok, zumaiarrarekin egiten zituzten urtebeteko praktikak ikastola txiki hartan, irakaskuntzako bide berrien jabe egiteko.
Horrela aritu zen Zipitria inguruan ikastola berriak sortzen, hauek legeztatzen joan ziren arte. Tolosan, Pasaian, Lazkaon, Bilbon, Oiartzunen, Hernanin, Lasarten, Añorgan… Eta Donostian bertan ere lan asko egin zuen Orixe ikastolaren sorreran.