(argazkia: Donostia Kultura)

Arte publikoari buruzko BAI topaketak egingo dituzte hilaren 8an eta 9an, Donostiako Intxaurrondo auzoan

Lehenengo eta bigarren edizioan izandako arrakastaren ondoren, BAI Topaketek berriro ere aukera emango dute Arte garaikidea biztanleengana hurbiltzeko eta Donostiako ondare eskultorikoaren eta auzokideen arteko topaketak indartzeko, praktika artistikoaren eta publiko guztiarentzako bisita gidatuen bidez.

BAI topaketak bueltan dira Donostiara, ekainaren 8an eta 9an egingo izango hirugarren ediziorako hitzordua Intxaurrondo auzoan. Caradepan kultura-elkarteak antolatzen du ekimena eta helburua da arte publiko garaikidea herritarrei hurbiltzea, eta horrekin donostiarrak eta bisitariak estimulatzea, konprometitzea eta hunkitzea. Horretarako, maila goreneko sortzaile garaikideak gonbidatu dituzte, tokiko ondare artistikoa osatzen duten obrak berrinterpreta ditzaten.

Ana Esmith izango da aurtengo artista gonbidatua, Miss Beige pertsonaiaren paperean. Intxaurrondoko kaleetako lau eskultura-lan garrantzitsu izango dira topaketen gai nagusia: Koldobika Jauregiren Hazteko Moduak, Agustin Ibarrolaren Ume-jolasak eta Siluetak eta Equipo 57 taldearen Monolitoa.

Larunbatean praktika artistikoak

Egitarauari dagokionez, praktika artistikoari eskainiko zaio larunbata, jende guztiarentzako hiru familia-tailerrekin. Kultur Etxean egingo dira lantegi hauek, Elena Scaratti, Natalia Cambronero eta Uxue Lasa artisten eskutik.

Antolatzaileek nabarmendu dute Cambronero diziplina anitzeko artista eta kuradore euskalduna dela, artea salaketarako tresna baliagarri modura ulertzen duena, eta leiala da artistak gizartearekiko duen erantzukizunarekiko eta misioarekiko. Ibilbide oparoa du egina, ekimen artistiko ugari garatu baitu, eta hainbat sari jaso. Bere lanaren bitartez, Giza Eskubideak urratzen dituzten askotariko egoera sozialak salatzen ditu, obra eta proiektu artistikoen bitartez kolektiboaren kontzientziazioa bilatuz, eta horretarako ezinbestekotzat joz publikoarekiko interakzio zuzena eta hurbilekoa, kontzientzia transmititzeko eta sortzeko modu gisa.

Scaratti, berriz, artista eta saiakeragile eklektiko eta diziplina anitzekoa da. Hainbat esparrutan sortzen ditu bere obrak, hala nola argazkilaritzan, eskulturan, pinturan, poesian eta modan. Gainera, hiriko sormen- eta kultura-giroa sustatzen duen Donostiako Poetry Attack elkarteko kidea da.

Uxue Lasa artista getariarrak, azkenik, material eta teknika berriekin esperimentatzen du, edo dagoeneko batere erabiltzen ez direnekin, alegiazko hamaika mundu sortuz, non surrealismoak eta absurdu existentzialak hartzen duten bere obraren zati handi bat. Pintura, eskaiola, naturako elementuak edo, besterik gabe, kutxak (haren osaba Vicente Ameztoyk bezala); edozer manipulatzen du, kolorez eta freskotasunez betetako forma organikodun piezak sortzeko.

Hirugarren edizio honetako egitaraua osatzeko, Igande Itzela egingo da ekainaren 9an. Auzoan zehar egingo den museo formako ibilbide batekin, bezperan egindako herritarren berrinterpretazio artistikoak ezagutu ahal izango dira. Ana Esmith hirugarren edizioko artista gonbidatuaren proposamena ere ezagutu ahal izango da ibilbide horretan, Miss Beige pertsonaiaren paperean; Koldobika Jauregiren Hazteko Moduak eskultura interpretatuko du, Logelako sekretuak performancearekin.

Azkenik, igandean bertan egingo da BAI Topaketen amaierako jaia, 12:00etatik 18:00etara, Gabriel Celaya plazan.

Informazio gehiago: Intxaurrondoko Arte Publikoko BAI Topaketak.

Zabaldu: