(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu dute EAEn

Frantziako Kultura Ministerioak kultura-ondare immaterialaren katalogoan sartu zuen Bertsolaritza 2022an eta Nafarroak 2018an.

Bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu du Eusko Jaurlaritzak eta laster egingo da izendapen ofiziala. Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, “aitortza hau komunitate oso baten lanari esker lortu da, eta horren errekonozimendua da izendapen”

Izendapen honekin, kultura ondare immaterialak dituen ezaugarriak aitortzen zaizkio bertsolaritzari, balio handiko ondare egiten dutenak: “belaunaldiz belaunaldi helarazia, komunitateei identitate sentimendua ematen diena, eta kultura aniztasunarekiko eta giza sorkuntzarekiko errespetua areagotzeko laguntza ematen duena. Halaber, berau babesteko neurriak ere aitortzen zaizkio; besteak beste, komunikazio eta publizitate kanpainak, prestakuntza programak edota beste administrazio batzuekiko hitzarmenak”, azaldu dute. Euskal Autonomia Erkidegoa gainditzen duen jarduera izanik, kooperazio akordioak ere aipatzen dira Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoarekin.

Elkartearen arabera, “Unescok Kultura Ondare Immateriala babesteko 2003ko Konbentzioa onartuta, bultzada eman zion ondare immaterialaren aitorpen juridikoari”. Nazioarteko erakundeak kultura-ondare immaterialaren inbentarioa egiteko eta jendearen esku jartzeko prozesua gomendatzen du; inbentarioa inbentariatutako kultura ondare immateriala babesteko plan zehatzak formulatzeko oinarri izan daiteke. Konbentzio horretan oinarrituta, administrazio bakoitzak bere legeria garatu du, eta horren baitan egin du eskaera Bertsozale Elkarteak eta eskuratu du izendapena bertsolaritzak lurralde administrazio ezberdinetan: Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko lurraldeei zegokien izendapena lortuta, orain eskuratu du bertsolaritzak kultura ondare immaterial izendapena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 2020an Bertsozale Elkarteak egin zuen eskaerari erantzunez.

Bertsozale Elkartean aitortza izanagatik, lanean jarraituko dutela nabarmendu dute. “Elkarteak bere egitekoan barneratuta du bertsolaritza zaintzeko betebeharra, hezkuntzan, plazan edota ikerkuntzan egiten duen lanaren bidez, eta kulturgintzan, euskalgintzan edota nazioarteko erakundeekin dituen elkarlanen bidez. Eta noski, bertsolaritzaren ekosistema osatzen duten bertsolari, gai-jartzaile, epaile, antolatzaile, bertso-eskola, elkarteko bazkide eta zaleei esker”.

Zabaldu: