Itziar Eguigurenen ‘Sunglasses’ film laburra. (argazkia: Donostia Kultura)

Larrotxene Bideok ikasturte honetako filmak aurkeztuko ditu ekainaren 21ean, Donostiako Antzoki Zaharrean

Arratsaldeko 19:00etan izango da hitzorduan. Gonbidapenak emanaldiaren egunean bertan jaso ahal izango dira Antzoki Zaharreko leihatilan, 17:00etatik aurrera.

2023-2024 ikasturtea berezia izan da Donostiako Intxaurrondoko Larrotxene Bideorentzat. Azken urtean egindako berrikuntza lan handiek sorkuntza proiektuak piztu dituzte: laborategia, soinu eta irudi edizio gela berritua, formaziorako aretoa, eta abar. Ondorioz, ikastaro-kopuruak gora egin du aurten, baita material lagapen zerbitzuak ere.

Ikasturte honetan, lau produkzio oso eta hiru koprodukzio landu dira, eta guztiak ezagutzeko aukera izango da datorren ekainaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan. Bideoaldiak 36. edizioa betetzen du eta Antzoki Zaharrean elkartuko ditu landutako proiektuen lan talde guztiak,  lagunak eta, oro har, zinema eta ikus-entzunezkoen jarraitzaileak.

Larrotxene Bideoko irakasleak ere bertan izango dira, Michel Gaztambide, Pablo Malo, Oskar Tejedor, eta Ander Sagardoy dira horietako batzuk.

Ikastaroetako lau produkzioak:

Sunglasses. Itziar Eguigurenek zuzendutako 13 minutuko film laburra da. Hondartzako arratsalde ezin hobea da Erika eta Maiterentzat, baina eguna amesgaizto txiki bihurtuko da, eta Erika, uste bezain perfektua ez dela ohartuko da.

Mi Amigo Julio. Irene Royok zuzendutako 11 minutuko film laburra. Robertok azken urteetako lehen hitzordu erromantikoa du. Oso urduri dago, baina Elena bera baino arraroagoa dela ikusten duenean, Juliok bere lagun handi eta misteriotsuaren laguntza beharko du.

El Síndrome de la Página en Blanco. Blanca Zaragüeta eta Josean Gomez zuzendutako 17 minutuko lana da. Blokeo egoeran dagoen idazle batek pisu handi bat alokatzen du, bakarrik egoteko eta, horrela, inspirazioa berreskuratzeko. Baina ez da hain erraza bakarrik egotea.

Print. Edgar eta Unax Santos anaiek zuzendutako 3 minutuko lana. Jon bulegaria bere lanaldi monotonoa betetzen ari da, baina inprimagailuaren bidez bidalitako mezu arraro batzuek eten egingo dute bere lana.

Saioa amaitzeko hiru koprodukzio aurkeztuko dira:

Kononi. Mikel S. Galarzak eta Cesare Maglionik zuzendutako 17 minutuko film laburra da. Ezberdin direnen arteko topaketari buruzko istorioa da. Gizon bat, bere jaioterriari lotuta eta gazte migratzaile bat, ibai baten ertzean aurkitzen dira ordu batzuetan zehar.

Fuego Fatuo. Nahia eta Iulen Arana neba-arrebek sortutako 2 minutuko lan honetan bikote batek hiria zeharkatzen du autoz, gatazka saihesten duten bitartean. Dena lehertzen da, ordea, lehenago edo geroago, baina kasu honetan gauzak ez dira diruditena.

Prímula. Fabian Bojkovskyk zuzendutako 3 minutuko bideoklipa da, Mucalinda taldeari eginikoa.

Bestalde, eta aurtengo ikasturteari behin betiko itxiera emateko, ekainaren 28an, 19:00etan Hitz eta Pitch ekitaldia antolatuko da Intxaurrondoko Kultur etxean. Pitching saio honetan, Larrotxene Bideoko ikasle, ikasle ohi eta irakasleek euren etorkizuneko egitasmoak aurkeztuko dituzte, lankidetzen bila. Saio honetan parte hartzeko mezu bat idatzi beharko da larrotxene_bideo@donostia.eus posta elektronikora.

36 urte dira Larrotxeneko bideo espezializazioa martxan jarri zela Intxaurrondo auzoko Larrotxene Kultur Etxean eta denbora honetan 500 produkziotik gora ekoitzi dira eta ehunka lanen koprodukzioetan hartu da parte. “Urrun gelditu dira 90eko hamarkadan lantzen ziren film laburrak, baita hauek lantzeko modu eta bitartekoak ere, nahiz eta horietako askok euskal zinemaren historian bere lekua duten. Esan daiteke Gipuzkoako zinema munduko izen handi askoren harrobia izan dela eskola hau”, adierazi du Donostia Kulturak.

Zabaldu: