‘Fobiko’, ‘enpaste’, ‘adimen artifizial’, ‘gaupasa egin’ eta ‘greba egin’, besteak beste, sartu ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian

Azken sei hilabeteotan 1.103 forma berri jaso dira Euskaltzaindiaren Hiztegian eta beste 2.524 moldatu dira.

Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2024ko lehen urte-erdian eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu gaur sareratu den eguneratzeak.

Akademiak gogoratu duenez, iaz hiztegiaren erabilera hobetu egin zen: “batetik, bilatzaile berria garatu zen, funtzionalagoa, bilaketa-aukera berriak eskaintzen dituena; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain bilatzaileak eta, beraz, askoz zehatzagoa da”.

Oraingoan ere, forma berriak landu dira, bai, baina hiztegiko arduradunek sarritan azpimarratzen duten legez, bestelako lanak ere garrantzia handia du, hain zuzen, “lehendik dagoena txukuntzea, eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea… Hiztegia argiagoa, erabilerrazagoa eta egungo beharretara egokitua izateko ezinbesteko lana”. Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak behin baino gehiagotan gogorarazi duenez, “egiten dugun lanak erakusten du hiztegia ez dela hitz bat behin jaso eta aurrera: etengabe berrikusten da. Forma berriak jasotzen dira, eta hala behar du, baina horien erabilerari erreparatzeko garaia ere bada: hitzen konbinazioak, testuan nola erabili erakusten dutenak, adiera berriak, egungo beharrei erantzuten dieten adibideak,… hiztegi egokia eta beharrei egokitua izatea, hau da, kalitatezkoa izatea, kantitatea baino garrantzitsuagoa baita”.

Oraingo eguneratzean landutako formen kopurua handia da (1.103 forma berri). Esaterako:

Corpusetik eskuratuak: flexo, fobiko, enpaste, biorritmo, adimen artifizial, arrain urdin, arrain zuri, hezurrak hautsi, korronte alterno, lasaitua hartu, gaupasa egin, greba egin…

Azken eguneratzean hasitako bidetik, ohiko lexiak sartu dira hiztegian (forma konplexu gardenak, definiziorik gabe ulertzen direnak, definiziorik behar ez dutenak, baina hitzen konbinazio egokia adibide bidez erakutsi nahi dutenak). Adibidez: arrautza(-)gorringo, arrautza(-)zuringo, irratia piztu, irratia itzali, telebista piztu, betaurrekoak jantzi, gol(-)zaparrada, kreditua eskatu, kreditua eman…

Exonomastika Batzordeak berrikusitako arauetatik jasotako herritarrak: aragoiar, huescar, zamorar, landestar, perpinyar, proventzar…

Baina askoz gehiago dira zuzendu, osatu edo moldatu diren formak. Honek hiztegia etengabe berrikusten dela adierazten du (adierak, definizioak, oharrak, erabilera-markak, bai eta adibideak ere). Esaterako:

  • Definizioa: haginak erakutsi (lehen: ‘Hortzak erakutsi’, orain ‘Norbaitek, erasotzen dionari, aurre egiteko prest dagoela adierazi.’
  • Adiera berria: polar (4 adj. Jantziez mintzatuz, forru polarrez egina. 5 iz. Forru polarrez eginiko jaka.)
  • Oharra: ziur izan (da ad.-lok. (Perpaus osagarri bat hartzen duela. Zalantzarik ez izan.)
  • Erabilera-marka: euskalkia (arotzeria Heg., zirkindu batez ere bizk.), erregistroa (euli-kaka izan beh.), jakintza-arloa (atzegoardia mil., pastoral antz.)
  • Garai batean aditz-motarik gabe jasotzen ziren azpisarreretako aditz-lokuzioak osatzen dihardugu. Eguneratze honetan 515 landu ditugu. Adib.: arnasa bota du ad.-lok.
Zabaldu: