Euskal Herriko Unibertsitateko eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek egin dute ikerketa eta Archaeological and Anthropological Sciences aldizkari zientifikoan argitaratu dute.
Ikerketak alderdi anitzeko izaera proposatzen du lurrazpiko eremu sakonetako arte parietalerako. Lana Iñaki Intxaurbe Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Sailean egiten ari den doktore tesiaren barruan kokatzen da, Martin Arriolabengoa (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Diego Garate (Kantabriako Unibertsitatea) irakasle eta ikertzaileen zuzendaritzapean.
Metodo konputazionalen erabilera konbinatuari esker, hala nola 3D teknologia, informazio geografikoko sistemak eta aldagai anitzeko estatistika, Madeleine aldiko labar-irudiak (duela 18,5 eta 13,5 mila urte bitartekoak) lau klusterretan biltzen direla egiaztatu ahal izan da, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera. “Bi taldek antagonikoak dirudite beren funtzioari dagokionez. Batzuetan, eszenaratzea zaindu zen, eta komunikazio-helburu bat iradoki zen (ikusiak izateko egin ziren); beste batzuetan, berriz, guztiz kontrakoa bilatu zen (ezkutuko eta oso ikuspen gutxiko irudiak dira, oso sarbide zaileko zonalde sakonetan kokatuak). Horrek iradokitzen du bigarren taldean irudien marrazketa bakarrik izan zela garrantzitsua, eta ez gizarteak hauek ulertzea”, azaldu dute ikerketaren egileek.
Lehenengo taldean, “azalpen xamaniko batek onargarria dirudi: helduek egindako adierazpen grafikoak dira (mihise altuetan kokatzeagatik), ikusgarritasuna errazten zuten eremuetan egindakoak, ziurrenik kontakizunekin batera, pertsona kopuru ertainak edo handiak har lezaketen espazioetan baitaude. Bigarren taldeak beste arrazoi batzuei erantzuten diela dirudi, hala nola igarotze-erritoei. Ohikoa da irudi horiek (irudi “ezkutuen” klusterra) lurretik gertuago dauden eremuetan aurkitzea, baita beste aukera batzuk zeudenean ere. Horrek gazte edo haurren presentzia iradoki lezake irudien egile bezala, testuinguruko beste elementu batzuetatik ateratako informazioarekin bat eginez (haur eta nerabeen oin biluzien aztarnak, hatzekin egindako marren tamaina, eta abar)”.
Irudiz osatutako beste kluster bat Madeleine aldiko gizarteek buztinean grabatutako elementuek eta egindako eskulturek osatzen dute, haitzuloetako eremu sakon eta ezkutuenetan bakarrik aurkitu ohi direnak. “Sarbide zaileko eremuetan kokatzeak kontserbazio-gaiei erantzun diezaieketen arren, historiaurreko bisitaren ondoren itxi egin ziren beste kobazulo batzuetan patroi hori errepikatzeak iradokitzen du aurrez pentsatutako eta kontzienteki aukeratutako erabaki kultural bat izan zela”, diote ikertzaileek.
Azken taldea zeinu abstraktuek osatzen dute, labar-arte figuratibotik, animaliak edota gizakiak irudikatzen dituena, desberdin jokatzen dutela diruditenak, eta ausaz agertzen dira apaindutako haitzuloan zehar. Azterlanaren egileek nabarmendu dutenez, mota horretako irudi gehiago sartu behar dira (Armintxe, El Pindal edo Cullalvera bezalako kobazuloetan daudenak) baliozko estatistika-inferentziak ezartzeko.
Laburbilduz, Santimamiñe (Bizkaia), Ekain (Gipuzkoa) eta Etxeberri (Zuberoa) moduko kobazulo apainduetatik ateratako informazioari esker, irudi multzo ezberdinak identifikatu ahal izan dira: batzuk ikusiak izateko sortuak izan ziren, hainbat teknika erabiliz eta ikusgarritasun, irisgarritasun edo pertsonak hartzeko gaitasun oneko kokapenak hautatuz; beste batzuk, berriz, kontrakoa bilatzen zuten. “Erabilitako tekniken eta kobetan duten kokapenaren arteko korrelazioa ere badago, agian baliabideak aurrezteko. Sarreretatik hurbilen zeuden eremuetan irudiak egiteko denbora gehiago hartu zuten bitartean, eremu sakonetan, berriz, irudiak azkar egitea nahiago izan zuten, agian lurrazalera onik itzultzeko erregaia ziurtatzeko. Datu horiek Madeleine garaian haitzuloetako sektore sakonetarako erabilera desberdinak egon zirela babesten dute”, ikerketaren ikertzaileek ondorioztatu dute.