Gerediaga Elkarteak 25 dokumental eta erreportaje sareratu ditu Garaia ikus-entzunezkoen biltegian

Biltegia amaigabea izatea da asmoa. Plataforma hau herritarren eta eragile ezberdinen eskura egotea nahi dute. Horregatik, Durangaldeari buruzko edozein dokumentalek edo erreportajek izango du lekua.

Gerediaga Elkarteak Garaia, Durangaldeko ikus-entzunezko biltegia online, jarri zuen martxan otsailean, eskualdeko memoria eta ondarea jasotzeko eremuan ekarpena egiteko asmoarekin. Biltegiaren lehen urratsak, gerra zibilari lotutako lekukotzekin eman zituzten.

Orain, atal berria sortu dute, “Durangaldeko historiarekin, kulturarekin eta gizarte gaiekin zerikusia duten dokumentalak eta erreportajeak ikusteko aukera dago atal honetan. Sortzaileek ekoitzitako film edo erreportajeak plataforma bakarrean batuko dira, bi asmorekin: lanok zabaltzen laguntzea eta herritarren esku-eskura jartzea”.

Elkartearen arabera, lanetako batzuk publikoarentzat ezagunak dira eta sareko plataforma ezberdinetan aurki daitezke. Beste batzuk, berriz, VHS, Beta eta formatu zaharragoetan izan dituzte elkarteko dokumentategian eta digitalizatu egin dituzte. “Garaiak ondare guzti hori batu eta babesteko balioko du, sasoi batean uzta gordetzeko erabiltzen ziren garaien antzera”.

Biltegia amaigabea izatea da asmoa, “plataforma hau herritarren eta eragile ezberdinen eskura egotea nahi dugu. Horregatik, Durangaldeari buruzko edozein dokumentalek edo erreportajek izango du lekua. Jaso eta digitalizatu ahala, handitzen joango da biltegia.

Hala, hasierako biltegia 25 dokumental inguruk osatzen dute. “Gai oso desberdinak zabaltzen dituzten ikus-entzunezkoak dira eta Durangaldeko herri ezberdinetako ondarean eta historian murgiltzeko aukera ematen dute”.

Zabaldu: