(argazkia: Gasteizko Udala)

Korterraza aire zabaleko film laburren jaialdia abian da Araban

Gasteizko Korterrazak film labur eta kontzertuak eskainiko ditu uztailaren 4tik 6ra, Artium Museoaren barruko plazan.

Korterraza Gasteizko eta Arabako aire zabaleko film laburren jaialdia joan den ekainaren 21ean, abiatu zen Legution eta irailaren erdialdera arte lehiaketak 45 proiekzio eskainiko ditu lurraldeko 40 herritan. Orain arte egin duten moduan, sarrera doakoa izango da eta herritar guztiei irekita dagoen kultur jarduera baten barruan egingo du. “Hilabete hauetan zehar, publikoak azken urteko film labur nabarmenenekin gozatu ahal izango du”, azaldu du antolakuntzak.

Hamabosgarren edizio honetan, Korterrazaren Gasteizko programazioaren zatirik handiena uztailaren 4tik 6ra izango da Artium Museoaren barruko plazan. Publikoak film laburren lau emanaldiz, zazpi kontzertuz eta euskarazko ipuin kontaketa batez gozatu ahal izango du.

Gainera, aurten Film laburren aldeko Eitb Saria estreinatuko da, urtero zinemagile batek generoan duen inplikazioa aitortu nahi duen saria. Aurten, pasa den ostiralean zendu zen Txema Blasco aktore arabarra omenduko dute. “Denok maite genuen Txema. Beti zegoen laguntzeko prest, pertsona handia zen, aktore handia, tipo handia. Zinemak eta guk denok haren hutsunea nabarituko dugu”, azaldu du Xabi Vitoria ekimenaren zuzendariak.

Gasteizko Korterrazan, publikoak film laburren hiru emanaldi orokorretan parte hartu ahal izango du. Saio horiek ostegunetik larunbatera (hilaren 4tik 6ra) izango dira, 22:00etatik aurrera, Artium Museoaren barruko plazan. Programazioak haurrentzako atal bat ere izango du, eta jardunaldi berezia izango da ostiralean, hilaren 5ean. Arratsaldeko 19:00etan, Artium Museoko Auditorioan Korterraza Txikiren saioa izango da, eta, aurretik, 18:00etan, Ane Gebara ipuin kontalariak emanaldia eskainiko du. Film laburren programa abuztuaren 22an, osteguna, osatuko da Korterraza Sensibiliza atalarekin. Artium Museoko barne plazan 21:15etik aurrera gizarte gaiei eskainitako saioa izango da.

Gasteizko ekimenak 35 film labur nabarmenen aukeraketa proposatuko du, Arabako lanen presentzia handiarekin. Publikoak saritutako lan ugarirekin gozatuko du, hala nola hauekin: Pathos (Andrea Nocedak zuzenduta); Europa (Ekain Irigoien), La gran obra (Alex Lora); La compañía (Jose Maria Flores); Tumbas vecinas (Jose Antonio Gutierrez Bustos); Malegro verte (Null Garcia); Colorado (Sandra Gallego eta Pilar Gomez); El aprendiz (Raul Campos); La ley del más fuerte (Raul Monge); Pequeño (Alvaro G.Company eta Meka Ribera); Hado (Rubi Rock) eta Betiko gaua (Eneko Sagardoi).

“Azken edizioetan bezala, maila oso altua da eta publikoa harritu egingo da istorioekin. Azken urteetan nabaritu dugu film laburren iraupena orokorrean luzatu egin dela. Lehen istorio gehiago ziren bost minututik hamar minuturako iraupenarekin, baina orain gehienak hamabost minutu ingurukoak dira”, azaldu du Vitoriak.

Korterraza Araba

Arabako 10. edizioan, jaialdiak film laburren aire zabaleko 40 emanaldi eskainiko ditu 39 herritan, Korterrazako saio ibiltarien barruan. Ekimenak lau saioren artean hautatzeko aukera ematen du, herri bakoitzaren gustuetara egokitzeko: Super Aukeraketa, Komedia, Txiki eta Mix. Aurtengo edizioan ekimena honako leku hauetara iritsiko da: Legutio, Artziniega, Izarra, Eskuernaga, Zuhatzu-Kuartango, Caicedo-Yuso, Alegria-Dulantzi, Luko, Ondategi, Aramaio, Zuhatza, Olabarri, Oroko Santutegia, Zurbano, Estabelu, Erdoñana, Eltziego, Antoñana, Gauna, Maeztu, Araia, Lantziego, Berantevilla, Gatz Harana, Bastida, Portilla, Laudio, Añastro, Faido, Urarte, Pagoeta, Tuesta, Ekora, Orbiso, Ozeta, Elburgo, Okondo eta Amurrio. Programazio osoa www.korterraza.com webgunean kontsulta daiteke.

“Dagoeneko hamar urte daramatzagu urtero lurraldea zeharkatzen, eta oso pozik gaude parte-hartzearekin eta lortu dugulako urtez urte saioetan parte hartzera hurbiltzen den publiko fidelaren oinarri bat. Oso pozgarria da guretzat saioen ondoren jendea hurbiltzea proiekzioa eta gehien gustatu zaizkion film laburrak komentatzera”, nabarmendu du Vitoriak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna