Sukar Horia kolektibo ekologistak ‘Etorkizun bizigarriak irudikatzen’ literatur eta itzulpen lehiaketa abiatu du

Parte-hartzaileek etorkizunean bizitza gaur egun baino bizigarriagoa egiten duten egoerak deskribatu beharko dituzte. Lanak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da.

Literatur lehiaketa berria abiatu du Sukar Horia talde ekologistak “etorkizun bizigarriak” irudikatzeko asmoz. Bertako kideek azaldu dutenez, “oso erraz irudikatzen dugu gaur egun distopia; utopia, aldiz, nekez. Lehorteak, uholdeak, tenperatura-igoera, gaixotasun berriak… bolo-bolo dabiltza gure gogoan krisi ekologikoa aipatzean, inpultsiboki kontsumitzen ditugun telesail zein filmetan, eta zaila zaigu imajinatzea arrakala berri honek, krisi orok aurretik egin duen bezala, irekitzen dizkigun ateak: harremantzeko modu ekofeministak, baliabideen kolektibizazioa, trantsizio energetiko justua…”.

Hala, lehiaketan parte hartu nahi duten idazle edo itzultzaileek deskribatu beharko dituzte etorkizunean bizitza egun baino bizigarriago egiten duten egoerak, edozein dela ere bizitzaren arloa. “Bilbo bezalako hiri baten funtzionamendua izan daiteke, udalerri txiki batekoa, pertsonen arteko harreman berriak irudikatzen dituena, gizaki eta animalia-landareen artekoak, baliabide materialak ustiatzeko modu berriak… egungo proiektu txiki bat gizarte osora nola zabaldu den deskribatu daiteke, edo krisi egoera bat zirudiena nola irauli den, adibidez. Ezagutzen ditugun distopiak (zonbiak, kasu) nola eraiki diren pentsatzeak lagundu ahal digu, baina alderantziz. Ebaluazio-irizpide nagusia doinu utopikoa mantentzea izango da, hau da, tonu positiboa. Horretan datza ariketa honen erronkarik handiena: distopiaren kalezulotik ihes egitean utopiaren bidezidorretan murgiltzea”.

Lehiaketak hiru modalitate izango ditu: literatura sorkuntza lanak, gazteek sortutako lanak eta itzulpenak. Testuak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da. Parte hartu nahi duenak etorkizunbizigarriak@gmail.com helbidera bidali beharko du lana.

Literatur sorkuntza eta itzulpen modalitateetako lanik onenei 300 euro emango zaizkie, gazteen modalitatekoari, berriz, 150 euro, gazteek beste bi modalitateetara aurkezteko aukera ere izango dutelako. Lan irabazleak Argia aldizkariak argitaratuko ditu.

Oinarriak, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna