Berrikuntza gisa, ostiral eta larunbat gaueko ikuskizunak berreskuratuko dituzte Araiako erdigunean, 00:30ean.
Hamalau antzerki konpainia izango dira abuztuaren 14tik 18ra bitartean egingo den Araia-Asparrenako Umore Antzerki Jaialdian. Bestetik, Arabako herrietatik egiten den zirkuitua mantenduko da abuztuan zehar, eta aurten 25 herritatik igaroko da.
31. edizio honetako berrikuntza gisa, ostiral eta larunbat gaueko ikuskizunak berreskuratuko dituzte Araiako erdigunean, 00:30ean.
Horietako bat Cia Maite Guevara konpainiaren Susto antzezlana da. Antolakuntzak azaldu duenez, “lau komediantek beldurrezko gaztelu batean lan egiten dute, baina inor gutxi joaten da ikuskizuna ikustera. Diru kontuengatik aspaldi ez daukate publikorik eta komediante hauen bizimodua arriskuan dago. Ikuskizunak funtzionatu behar du, eta ikusleak beldurraraztea lortu behar dute”.
Kaleko eta barruko ikuskizunak ere izango dira jaialdian: lehenengoak, Araian izateaz gain, jaialdiko zirkuitu ibiltariaren parte izango dira eta Arabako hainbat herritan zehar ibiliko dira; bigarrenak, berriz, Araiako Arrazpi Berri kiroldegian ikusi ahal izango dira.
Hala, Araiako kale emanaldietako bat Proyecto Kavauri andaluziar konpainiaren Lullaby izango da. “Lehen aldiz guraso izan den akrobata bikote batek baskula eta akrobazia ikuskizun bat aurkeztuko du. Bertan jauzi frenetikoak eta azken uneko heldualdiak ikusiko dira. Badirudi dena kontrolatuta dagoela, baina gaur umetxoak ez die lasai lan egiten utzi, eta ikuskizuna hasteko zorian da. Ez dute beste aukerarik: orgatxoarekin batera pistara atera beharko dira”.
Arrazpi Berri kiroldegian izango diren emanaldiei dagokienez, Las Niñas de Cadiz konpainiaren Las Bingueras de Euripides antzezlana izango da horietako bat. Dionisio emakume gisa jaitsiko da Lurrera, Suasenager-i aurre egiteko. Suasenager polizia bat da eta auzoan dagoen legez kanpoko bingo bat ixteko tematuta dago. Bingo horretan, emakume talde bat biltzen da arratsaldero. Bertan, jokatzeaz gain, haien intimitate, atsekabe eta pozak partekatzen dituzte, baita anis kopatxoren bat ere.