(argazkiak: Gasteizko Udala)

Paula Huarteren ‘Lágrimas de cocodrilo’ erakusketa Zabalik da Gasteizko Montehermoso kulturunean

Irailaren 15era arte egongo da ikusgai Kulturuneko lehen solairuko aretoan. 2023ko Montehermoso Kulturuneko Proiektu Artistikoen Ekoizpenerako Laguntzen Deialdian aukeratutako azken proiektua da.

Paula Huarteren (Agoitz, 1994) Lágrimas de cocodrilo izeneko erakusketa zabalduko dute gaur arratsaldean, Gasteizen. 2023ko Montehermoso Kulturuneko Proiektu Artistikoen Ekoizpenerako Laguntzen Deialdian aukeratutako azken proiektua da artista nafarrarena eta irailaren 15era arte bisitatu ahal izango da kulturuneko lehen solairuko aretoan.

Huarteren lanak egunerokotasunaren, ezohikoaren eta arrotzaren arteko aurkakotasuna du oinarri. Lotutako elementu eta irudi batzuk sortzen ditu, errealaren eta irrealaren artean narratiba bat eratuz. Errealitate desberdin bat erakusten du bere obretan, batez ere ezezaguna dena, anbiguoa, ironikoa eta onirikoa. “Irakurketa bikoitzeko kode bat antzeman daiteke”, azaldu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak aurkezpeneko prentsaurrekoan.

Era berean, artistak gaur egungo pertsonen izaera aztertzen eta horretan sakontzen du, “gure identitate indibidual eta kolektiboaren konplexutasunari buruz hausnartzen dut”, azaldu du. Gizabanakoaren, bizi den espazioaren eta ingurunea okupatzen eta osatzen duten objektuen arteko harremanari buruzko azterketa da. Ilustrazioak, oniriko den horrek, kitsch-ak edo haurren munduak elementu eragile gisa funtzionatzen dute artistaren iruditerian.

Zabaldu:

Utzi erantzuna