Erakusketa azaroaren 2ra arte bisitatu ahal izango da.
Bilboko Gerardo D’Abraira marrazkilariaren lanaren bitartez iragan industrialaren ikuspegia eskaintzen duen erakusketa irekiko dute gaur Bilboko Ondare aretoan, Barreiatutako paisaiak izenpean.
Balmasedako Encartada Fabrika-Museon ikusgai egon ostean, paratu dute erakusketa Ondare aretoan eta Euskal Herriko eta beste eskualde batzuetako lantegi-espazio nagusien funtsa islatzen duten hogei marrazki baino gehiago biltzen ditu. Marrazkilariak 1940. eta 1950. urteen artean egindako lanagatik ezaguna, industria-boterea zehaztasun teknikoarekin irudikatu zuen paperezko euskarri handietan, tintaz eta akuarelaz.
Erakusketak jasotzen dituen irudiak paper-euskarri handietan eginda daude, tintaz eta akuarelaz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste eskualde batzuetako industria-boterea irudikatzen dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, “D’Abraira dokumentalista zorrotza bihurtu zen, fabriken esentzia harrapatzeaz gain, maila goreneko profesionala zela frogatu zuen, zehaztasun teknikoarekin eta lerroaren, kolorearen eta xehetasunen tratamenduan sotiltasunarekin”.
Marrazkilari bilbotarrak lortu zuen ospeagatik, penintsulako beste industria-eremu batzuetatik ere deitu zioten mota horretako irudiak egin zitzan. Nolanahi ere, 60ko hamarkadatik aurrera, airetiko argazkigintzak zokoratu egin zuen azkenean D’Abrairaren modukoen lana: industria modernoaren esparruan, eskulana, artea, marketina eta ikusizko komunikazioa uztartzen zituen lanbide bat.
Erakusketa lau eremutan egituratuta dago, eta artistaren ibilbidea zeharkatzen du. Lehenengo eremuan, bere marrazkietarako lehentasunez aukeratzen zituen paper neurri zehatzak nabarmentzen dira, neurrion aukeraketan eragina baitzeukaten, batetik, lanak enkargatzen zizkioten enpresek berek eta, bestetik, tamainak eta kolorea sartzeak berekin dakarten kostuak.
Bigarren eremuak bilbotarraren hedapen geografikoa aztertzen du, hasi Bizkaiko enpresentzat egin zituen lehen lanetatik eta beste lurralde batzuetatik handituz joan zitzaion eskaeraraino, askotariko lanak barnean harturik, izan airetik jasotako ikuspegiak nahiz eskaera zehatzagoak. Hirugarren eremua EAEtik kanpo egindako lanaren aintzatespenean zentratzen da.
Azkenik, laugarren eremuak bere obren hedapena eta galera jorratzen ditu, eta nabarmentzekoa da enpresen argazki-erreprodukzioen banaketa zabala eta jatorrizkoen galera.
Ondare aretoan erakusgai dauden lanen artean hainbat euskal enpresetako aire-ikuspegiak daude. Besteak beste, Bizkaiko Labe Garaiak, La Conchita, Sarralde, J. J. Krug, Safesa, Unceta eta Productos Vulcanizadosenak.
Jarduera osogarriak
Marrazkien erakusketaz gain, Ondare aretoak bitartekaritzako eta didaktikako jarduera osagarri batzuk antolatu ditu. Jarduera horiek bisita iruzkinduak, topaketak eta familia-tailerrak barne hartzen dituzte, guztiak doakoak. Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, 944067737 telefonora deituta edo posta elektroniko bat bidalita ondare.aretoa@bizkaia.eus helbidera.
Javier Gonzalez de Durana da erakusketa honetako komisarioa, eta Encartada Fabrika-Museoak argitaratutako erakusketaren liburuaren testua ere idatzi du. Argitalpena Ondare aretoan ere eskuratu ahal izango da.