(argazkia: Baratza aretoa)

Gasteizko Ikerketa eta Sorkuntza Eszenikorako Laborategian parte hartzeko deialdia zabalik da

Parasite Kolektiboak Baratza aretoan eskainiko duen ikastaroa urritik ekainera izango da.

Ikerketa eta Sorkuntza Eszenikorako Laborategia (LINCE) arte eszenikoen eta bizien arloan trebatu, prestatu, esperimentatu eta ikertzeko gunea da, hamar urteko ibilbidea egin du aurten, eta, beraz, “Arabako hiriburuko prestakuntza-eskaintzan finkatuta” dagoela diote egitasmo honetako sustatzaileek.

Azaldu dutenez, “LINCE sortzaile eszenikoak profesionalizatzeko prestakuntza- eta laguntza-programa bat da”. Parasite Kolektiboa konpainiak hamarkada batean prestakuntza eszenikorako espazio soil bat baino zerbait gehiago izatea lortu du. “Entrenamendu, ikerketa, esperimentazio eta sorkuntza eszenikorako leku bihurtu da, eta, garatzen den testuinguruari esker, Baratza aretoak berriak diren artisten anezka gisa eta bitartekaritza artistikorako tresna gisa balio du”.

Urteko prestakuntza-programa

Programak bi lan-ardatz ditu, ikasturtean zehar organikoki konbinatzen dituztenak. Batetik, gorputz-entrenamendua eta ikerketa eszenikoa, eta, bestetik, sormen-tailerra. “Bi ardatz horiek euren artean elikatzen dira eta modu naturalean fusionatzen dute. Horrek, gorputz-lanak sorkuntza prozesua nola elikatzen duen ulertzen laguntzen die partehartzaileei”.

Laborategia sorkuntzan dabiltzan pertsonei zuzenduta dago, baldin eta eszena-, arte- edo gorputz-diziplinaren baten barruan prestakuntza-oinarria badute. Ikuspegia profesionala da; horregatik, klaseak goizez ematen dira, eta parte-hartzaileek konpromisoa hartu behar dute astean behin ikastaro osoan zehar klasetara joateko. Hamarkada honetan 120 pertsona inguru pasa dira tailerretik, eta adin eta sormen-profilen arteko nahasketa izan da.

Garazi eta Unai Lopez de Armentiak, Hannah Whelanek eta Marina Suarezek osatzen duten Parasite Kolektiboak programa pedagogikoa diseinatzen du. Beraiek ematen dituzte klaseak eta ikasleen akonpainamendua, erraztasuna eta mentoretza lanak egiten dituzte, taldeko zein banakako ikuspegitik. Parte-hartzailea bere ahots sortzailea aurkitzera eramanez. Gainera, parte-hartzaileek kanpoko praktikanteek emandako tailerrak jasotzen dituzte, programa indartu eta hedatzeko. Edizio honetan Idoia Zabaleta (Azala) eta Ricardo del Conde (Kalakalab) izango dira, besteak beste.

Klaseak astearte eta ostegunetan izango dira, 10:00etatik 13:00era, eta asteazkenak eta ostiralak banakako lanerako erabiliko dira. Interesatuek mezu bat bidali beharko dute parasitekolektiboa@gmail.com helbidera, eta izen-ematea zabalik egongo da irailaren 30era arte.

Ate irekien jardunaldiak antolatu dira irailaren 24an eta 26an, pertsona berriek tailerra zertan datzan ikus dezaten.

Zabaldu:

Utzi erantzuna