Lau egunetan zehar, haur eta helduentzako animaziozko film luzeak eta laburrak proiektatuko dira.
Animadeba Nazioarteko Animaziozko Zinemaldiaren 27. edizioa izango da bihartik larunbatera bitartean, Deban. Nazioarteko mailan duen garrantzia sendotu duen ekitaldi honek egitarau anitzarekin itzuliko dela aurreratu dute antolatzaileek, “film laburren lehiaketak, film luzeak eta industriarako jarduerak izango dira, besteak beste”.
Aurtengo jaialdiak 83 herrialdetako 1.200 film labur jaso ditu, eta horietatik 22 aukeratu dira lehiatzeko. Hamar film labur izango dira Sail Ofizialean, “tartean Euskal Herriko Uniko ekoiztetxearen To bird or not to bird” nabarmendu du antolakuntzak. Hala, EHUko Zuzendari Berriak atalean beste hamar film labur lehiatuko dira, euren ibilbidea hasi berri duten zinemagileen talentua erakutsiz.
Aurten, lehen aldiz, irailaren 6an, ostirala, 22:00etan Kutxa Zurian EITB Gaua gala ospatuko da. Ekitaldi honek Euskal Herriko animazio zinema ikusarazi eta saritu nahi du. Isabel Herguera zinemagile donostiarra izango da EITB Saria jasotzen lehena. ekitaldian, El Sueño de la Sultana film luzea eta La Mujer Ilustrada bere azken film laburra proiektatuko dira.
Animadeban parte hartzeko aukera
Jaialdiak egitarau oparoa izateaz gain, parte hartzeko aukera ere eskaintzen du. Aurten ere Animadeba laborategia martxan izango da animazio sektorean lanean dabiltzanentzat edo zinemagintzan interesa dutenentzat.
Zinemaz gain Animadeban zehar musika zein beste era askotako emanaldiak ere izango dira. Ekitaldi aipagarrienen artean, irailaren 4an, asteazkena, 20:00etan izango den Esanezin kontzertua dago eta irailaren 7an, larunbata, 22:00etan Anarirekin egingo den amaiera ekitaldia. Horrez gain, larunbatean 20:00etan Albina Stardust eta Divina Comediaren eskutik bingo ekitaldia izango da.
Azkenik, Animadeba Filmin plataformarekin elkarlanean aritu da. Hala, jaialdia amaitu eta bi astez, harpidedunek etxetik ikusi ahal izango dituzte lehiaketaren bi ataletan eta Panorama atalean parte hartuko duten film laburrak.
Egitaraua, hemen.