Naia Lakaren 'Zortzitik infinitura' filma

Hogei filmek osatzen dute Donostiako Zinemaldiaren euskal ekoizpenen zerrenda

Pello Gutierrezen Erreplika, Naia Lakaren Zortzitik infinitura eta Amaia Merino eta Ander Iriarteren Indarkeriaren oi(h)artzunak izango dira Zinemiran proiektatuko dituzten euskarazko filmak.

Guztira 15 film luze, hiru telesail eta bi film labur izango dira Donostiako Zinemaldiaren euskal ekoizpenen zerrendan. Pelikula hauek ia sail guztietan programatuta egongo dira: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Zinemira eta Haurrentzako zinema besteak beste.

Zinemirak esaterako, bederatzi proposamen bilduko ditu; horietako zortzi mundu mailako estreinaldiak izango dira eta, horrenbestez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaiak. Irizar Sariaren bidez 20.000 euro emango zaizkie filmaren ekoizleei.

Raul de la Fuentek (Iruñea, 1974) Williamstarrak ez-fikziozkoarekin irekiko du saila, Athletic Clubeko jokalari diren bi anaiaren eta horien familiaren historiaren inguruko lanarekin, hain justu.

Carmen Chaplin aktoreak zuzendutako Chaplin | Espíritu gitano film luzeak emango dio amaiera sailari. Charlie Chaplinen senitartekoak familiaren ijito-herentzian murgilduko da bidaia argigarri batean. Sustrai horiek Chaplinen pertsonaia maitatu eta tristeena inspiratu zuten: arlotea.

Arantxa Aguirrek (Madril, 1965) Ciento volando zuzendu du, Jone Laspiur aktoreak Eduardo Txillida eskultore donostiarraren obrari buruz kontatzen duen ez-fikzioa.

Erreplika Pello Gutierrezen (Donostia, 1979) bigarren film luzea da. Lana gogoeta egitera gonbidatzen du ikuslea XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten desagerpenaren, zuzendariaren aita Juanmi Gutierrez zinemagilearen heriotzaren, hutsune horiek betetzeko irudiak sortzeko moduaren eta absentzien inguruan.

Ernesto del Riok (Bilbo, 1954) Ezer ematen ez dizun mundu hori filmarekin dator. Bertan, Bilbon hasi eta Habanan bananduko den bikote baten aldizkako harremana erakusten du egileak.

Jone Ibarretxe de la Calek (Barakaldo, 1990) Nere Falagan Martinekin (Barakaldo, 1991) batera zuzendu du bere lehen lana, Ibarretxe anaien (egilearen aita Josemi eta bi osabak) argi-itzalak aztertzeko. Hau ez da Hollywood (Ibarretxe anaien amaitu gabeko istorioa) da filmaren izena eta euskal ikus-entzunezkoen hiru aitzindari horiekin egon ziren aktore eta zinemagileei egindako elkarrizketak biltzen ditu.

Miguel Alba Ricok (Madril, 1967), Nino Fontanek (Madril, 1969) eta Itziar Bernaolak (Bilbo, 1970) euren lehen zinema-lana aurkeztuko dute: Los poderes de Lolo dokumentala. Miguel Alba Ricoren ama Lolo Ricori buruzkoa.

Zortzitik infinitura Naia Laka Arrizubietak (Ispaster, 1990) zuzendutako lehen obra da eta euskal zinemaren historia kontatzen du, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sortzaile Benito Ansolaren ibilbidetik abiatuta eta Miren Agur Meabe idazlearekin batera.

Saila lehiaz kanpoko emanaldi batek osatuko du: Indarkeriaren oi(h)artzunak / Let It Know / Que se sepa, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Publikoaren Sari Nagusia eta Nazioarteko Amnistiaren aipamen berezia lortu zituena. Amaia Merino (Donostia, 1970) eta Ander Iriarte (Oiartzun, 1986) dira egileak. Tamara Muruetagoienaren egia-bilaketa jorratzen du lanak: ETAk haren familia bahitu zuen, eta haren aita torturatu eta erail egin zuen Estatuak.

Bestalde, Iciar Bollain (Madril, 1967) berriz izango da hautagai Soy Nevenka  filmarekin eta David Perez Sañudok (Bilbo, 1987) New Directors saileko hautaketan parte hartuko du Azken erromantikoak lanarekin. Bilbotarrak Irizar saria irabazi zuen 2020an Ane filmarekin.

Alauda Ruiz de Azua, Jon Garaño eta Aitor Arregi, Izibene Oñederra, Galder Gaztelu-Urrutia eta Andrea Jaurrietaren azken lanak

Beste euskal ekoizpen batzuk ere aurkeztuko dira Zinemaldian. Alauda Ruiz de Azuak (Barakaldo, 1978) Sail Ofizialean Querer aurkeztuko du. 30 urte ezkonduta eman ondoren senarra utzi eta behin eta berriz bortxatzeagatik salatuko duen emakume baten (Nagore Aranburu) istorioa kontatzen du. Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Aitor Arregik (Oñati, 1977) zuzendutako Marco izango da Perlak sailari amaiera emango dion lana Belodromoan, lehiaz kanpo, Veneziako Orizzonti sailean parte hartu ondoren. Izibene Oñederra zinemagileak (Azkoitia, 1979) Kimuak sailean hautatutako eta Annencyn emandako animaziozko film laburra aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakaleran, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu). Julen Etxeberria (Getxo, 1974) Hirugarren paisaia film laburrarekin lehiatuko da Nesten. Galder Gaztelu-Urrutiaren (Abadiño, 1974) El Hoyo 2 filmak Culinary Zinema saila itxiko du lehiaketaz kanpo.

Horrez gain, Belodromoak Itziar Gomezek (Errenteria, 1964) zuzendutako Go!azen gazteentzako telesail musikalaren hamaikagarren denboraldiaren estreinaldia ere hartuko du. Made in Spain sailean Andrea Jaurrietaren (Iruñea, 1986) Nina proiektatuko da. Haurrentzako zinema atalean beste euskal produkzio bat izango da: Diego Cagide eta Diego Lucero argentinarrek zuzendutako Robotia animaziozko filma. Amaitzeko, Jon Rodriguezek (Errenteria, 1991) zuzendutako Itsatsita Instagramerako telesail musikalaren bigarren denboraldia hartuko du EITB Galak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna