Igandean Habia taldea igoko da oholtzara (argazkia: Habia)

Oreixe Akustikoa musika zikloa irailaren 6tik 15era egingo da, Arrasaten

Ekhi Lambert, Habia edota Erromintxelak talde eta bakarlariak, besteak beste, igoko dira oholtzara. Sarrerak salgai daude arrasate.eus-en edo egunean bertan JAMEn. Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:30ean izango dira.

Urtero bezala, Arrasateko zuzeneko musika emanaldi akustikoak bueltan dira Juan Arzamendi musika eskolan. Aurtengoak hamaseigarren edizioa izango du, eta urte guzti hauetako arrakastari eusteko asmoa dute antolatzaileek. Hala, hilaren 6tik 15era bitartean iraungo duen ekimena egitarau parekide batekin datorrela aurreratu dute.

Bihar, ostirala, abiatuko da zikloa Yo Diablo taldearekin. Antolatzaileen esanetan, “Yo Diablo  Valentziako bikote bat da, fingerpicking basatia egiten duena, tucu-chaca erritmo mantran. Bluegrass, surf rock, deep blues eta rockabilly psikodelikoaren arteko nahasketa bat da bere musika”.

Larunbatean, Ekhi Lambert Irulegiko konpositore eta kantautorearen txanda izango da. Eragin desberdinak uztartuz (musika herrikoia, pop-a, musika inpresionista edota filmetako musika), interpretazio eta idazkera musikalaren ikusmolde propioa aldarrikatzen du. Bere bakarkako bigarren diskoan”.

Igandean, Habia taldea igoko da oholtzara. “Hiru hari eta hiru ahots batera. Tradiziotik abiatuta, doinu garaikideak sortzen dituzte eta taldearen musika entzutean mundua mugimenduan eta jendeen soinua hurbiletik sentitzen dugu”, adierazi du antolakuntzak.” Kafira batean bagina bezala, amaren besoetan lokartzen. Haientzat garrantzitsuak diren gaiak jorratzen dituzte. Haien kulturan murgildurik, hiru musikariek momentu goxo bat proposatzen dute, indartsua eta maleziaz josia”.

Zikloak irailaren 13an izango du jarraipena Maria eta Micu ahizpen Las Nietas de Charli bikoarekin. “Denboratxo bat daramagu proiektu hau eraikitzen, esfortzuz eta bihotzez. Garenarekin kontaktua ez galtzeko abestiak egiten ditugu, partekatzeko. Gure esperientzia, gure nahiak eta oroitzapenak, hazi garen paisaiak eta musikarekiko dugun grina aldarrikatzeko abesten dugu”.

Hurrengo egunean, berriz, Erromintxelak, 2021ean Arrasaten sortutako swing taldea, izango da protagonista. “Aurretik, proiektu ezberdinetan elkarlanean aritutako musikariek osatzen dute taldea. Taldekide guztiek musika ikasketak egin dituzte eta eskarmentu handia dute bai estudioan eta baita zuzenekoetan ere. Gaur egun, irakasle lanetan dabiltza Euskal Herriko musika eskola zein kontserbatorioetan. Euskaraz sortutako abestiak eta instrumentu akustikoak uztartuz, ikuskizun paregabea eskainiko dute. Swing eta gipsy musikaren ezaugarri dibertigarrietan oinarrituz, ikusleak dantzan jarriko dituzte”.

Zikloari amaiera emateko, igandean, hilak 15, Karmento Mantxako artista folklorikoa izango da Arrasaten. “2012an abiatu zuen bere ibilbide artistikoa, Malta uhartera bizitzera joatea erabaki zuenean. Bertan, nazioarteko musikariekin harremanetan hasi zen eta Mudanzas lehen albuma osatuko zuten abestiak idazten hasi zen. 2020an, neofolclore espainiarraren izen handienetako bat izaten hasi zen. Orain, Karmento La Serrana disko berriarekin itzuliko da.

 Sarrerak online eta leihatilan

Emanaldi bakoitzerako sarrerak www.arrasate.eus helbidean eskuratu ahalko dira, eta egunean bertan emanaldi bakoitzaren aurretik leihatilan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna