Hitzordua urriaren 6an izango da, Bilbon. Bertso bazkarirako txartelak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen* II topaketa egingo da urriaren 6an, Bilbon. Orain urte bi egin zen lehenengoa Markina-Xemeinen eta, orduko esperientzia errepikatzeko gogoz antolatu nahi izan dute bigarren edizio hau.
Bertsozale Elkarteko kideek aurreratu dutenez, “goizeko 12:00etan jarri dugu hitzordua Errondabide taberna parean. Bilboko alde zaharrean zehar potea girotua egingo da Garazi Navarro, Irune Basagoiti, Ixone Asategi eta Maite Sarasola bertsolariekin.
Eguerdiko 14:30ean, berriz, bertso bazkaria antolatu dute Kalderapeko tabernan eta Jone Uria eta Nerea Ibarzabal ariko dira bertsotan. “Bazkarirako txartelak salgai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian, 28 euroren truke. Txartelak erosteko azken eguna irailaren 30a izango da”, nabarmendu dute.
Aurtengo edizioaren helburu nagusia “bertsoaren inguruan dabiltzan emakumeak biltzea eta eguna giro ederrean pasatzea” dela dio antolakuntzak. Topaketaren talde antolatzaileak urte birik behineko maiztasuna ematea pentsatu du egunari, Elkartearen gainontzeko ekimen nagusien antzera. Urriaren 6ko helburua, beraz, “Bizkaian bertsoaren inguruan dabiltzanak elkar ezagutu eta saretzea izango da, izan bertsolariak, bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak edota antolatzaileak”.