Iruñeko 30 gaztek kultura garaikidea ezagutzeko aukera izango dute Taldeka bitartekaritza artistikoko programaren eskutik

Egitasmo berri honetan izena emateko epea irailaren 29ra arte egongo da zabalik 15 eta 21 urte bitarteko gazteentzat.

Iruñeko egungo kultur ekosisteman gazteen parte-hartzea bultzatzeko asmoz, Udalak Taldeka bitartekaritza artistikoko programaren lehen edizioa bultzatuko du 2024-2025eko ikasturtean. “Egitasmoa hiriko 15 eta 21 urte bitarteko gazteentzako topaketarako eta kultur-esploraziorako gune gisa proposatzen da, gazteek inguruko kultura garaikidea modu kritiko eta sortzailean ezagutu dezaten”, azaldu dute.

Ekimen honen bidez bilatzen dena da, “kultura kontsumitzeaz gain zalantzan jartzea, eta beste ikuspegi batzuetatik eta modu kolektiboan berrinterpretatzea”. Arte- eta kultura-kezkak dituzten gazteen arteko topaguneen eskasiari erantzuteko sortu da proposamena, elkarren arteko truke-harremanak sortzeko.

Taldeka urriaren 10etik ekainaren 15era bitartean garatuko da, eta hiru astetik behin egingo dira hitzorduak, ostegunetan. Horrez gain, aurkezpen horretan, bi talde “lekuko” hautatzeko sistema zein izango den jakinarazi dute antolatzaileek. “Talde bakoitzean 10-15 pertsona izango dira, adinaren arabera banatuta: talde batean 15-17 urtekoak, eta bestean 18-21 urtekoak”.

Proiektuak hainbat jarduera barne hartzen ditu, hala tokiko artistekin topaketak egitea nola erakusketa eta kultur-ekitaldiak aztertzea. Programan elkarrizketa kolektiboko eta sorkuntza kolektiboko guneak sortuko dira, zeinetan parte hartzaileek kultur jarduerak proposatu ahalko dituzten, ideiak partekatu eta proiektu artistikoetan laguntzearekin batera. Oihane Mcguinness eta Karmele Oteros dinamizatzaileek gidatuko dute programa, eta jarduerak koordinatu eta gazte-taldeen arteko trukea bideratuko dute.

Izen-ematea

Doako programa honetan izena emateko epea irailaren 29ra arte egongo da zabalik www.pamplonaescultura.es/eu webgunean gaitutako inprimakiaren bidez. Zalantzak argitzeko taldeka.programa@gmail.com helbide elektronikora idatzi ahal izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna