Bideberri institutuko DBHko 4. mailako 31 ikaslek La influencer eta Tiroteo film laburrak sortu dituzte eta irailaren 21ean Donostiako Trueba zinema aretoan egingo den ekitaldian aurkeztuko dituzte.
Zinekin programaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur Gipuzkoako Aldundiak. Proiektu honen helburua da ikus-entzunezkoak eta sorkuntza zinematografikoa erabiltzea aukera gutxiago dituzten nerabeei bizi aukera berriak erakusteko. Horrela, Donostiako Bidebieta auzoko Bideberri institutuko DBHko 4. mailako 31 ikaslek La influencer eta Tiroteo film laburrak sortu dituzte eta irailaren 21ean Trueba zineman egingo den ekitaldian aurkeztuko dituzte, Zinemaldiaren 72. edizioaren baitan.
Bigarren edizio honetan, Donostiako Bideberri institutua aukeratu dute, hain zuzen ere, testuinguru sozialagatik, baina baita ere ikasleen kultur aniztasunak aberastasun handia ematen diolako Donostiari; ikastetxe horretan 25 herrialdetako ikasleak daude eta ikasleen % 53,1en ama-hizkuntza gaztelania da; % 33,4rena, arabiarra eta % 5,9arena, euskara. “Kohesioa eta gizarte inklusioa eta indar nukleoa ditu ezaugarri, eta erakunde publikoei dagokie pertsona oro guztiz integratzeko politikak lantzea”, adierazi du Goizane Alvarez diputatuak.
Gidoitik pantailara
Zinekin programari esker, 14 eta 17 urte arteko nerabeek film labur bat egiteko sormen-prozesu osoan parte hartu ahal izaten dute, gidoitik zuzendaritzaraino, paperen interpretaziotik ere pasatuta, edo soinu- eta argiztapen-lan teknikoak, ediziokoak eta abar beren gain hartuta.
Ildo horretan, programaren zuzendari Blanca Zaragüetak azaldu duenez, “proiektu hau sortzeko ilusioa zen urtero gazte talde bati aukera eskaintzea garapen pertsonal eta profesionaleko ibilbide berri bat sortzeko zinemaren bidez”.
Horrela, parte-hartzaileek, tailer eta praktika kolaboratiboen bidez, zinemari buruzko prestakuntza praktikoa jasotzen dute eta beren istorioak kontatzeko gaitasun sortzaileak eta teknikoak garatzen dituzte. Gainera, sektore zinematografikoko profesionalekin lankidetzan aritzeak aukera ematen du “aurre-produkzioaren, filmaketaren eta postprodukzioaren etapa guztietan bete-betean murgiltzeko; horregatik da hain berezia prestakuntza esperientzia hau, inklusioa eta aniztasuna sustatzen dituelako, taldean lan eginda”.