Iruñeko V. Bertsopaper Lehiaketan sormen lanak aurkezteko epea zabalik da

Bosgarren urtez jarraian antolatu dute sariketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Aurreko lau edizioetan bezala, hiru kategoria izango dira parte hartzeko, hiruna sarirekin. Azaroaren 29ra arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik.

Martxan da Iruñeko V. Bertsopaper Lehiaketa. Aurreko urteetako bideari eutsiz, bosgarrenez antolatu dute sariketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean, bertso idatzien sorkuntza sustatzeko asmoz.

Nafarroan jaiotako edo Nafarroan bizilekua duten egileek parte hartu dezakete, hiru kategoriatan: txikiena, 2011n edo ondoren jaiotakoentzat; gazteena, 2007. eta 2010. urteen artean jaiotakoentzat (biak barne), eta helduena, 2006an edo lehenago jaio direnentzat. Kategoria bakoitzak sari ezberdinak izango ditu. Lehenengoan, 50 eta 150 euro arteko kultur bonoak oparituko dira. Bigarrenean, 150 eta 350 euro arteko diru-sariak. Hirugarrenean, 500 eta 1.500 euro artekoak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak, gainera, helduen kategorian lehen saria eskuratzen duen obran oinarrituta ikuskizun edo emanaldi bat ekoizteko eskubidea gordeko dute, interesekoa suertatzen bada.

Cesar Etxeberriak, Eneko Fernandezek eta Saioa Mitxelenak osatuko dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala proposatuta.

Iruñeko Udalaren Kultur Sailaren webgunearen bitartez aurkeztu ahal izango dira lanak, azaroaren 29ra arte.

Parte hartzeko oinarriak, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna