Izena emateko interesa duenak bere herriko euskara elkarte edo euskaltegira jo dezake, dauden taldeak ezagutu edo talde berriak proposatu. Bestela, www.mintzalaguna.eus webgunean ere badago izena emateko aukera.
Zabalik da Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen Mintzapraktika egitasmoaren izen-emateak. Hala, Eta euskaraz egiten badugu lelopean, aurten ere ikasturte berri bati ekingo diote milaka lagunek Euskal Herriko txoko ezberdinetan. “Egitasmoaren funtzionamendua oso sinplea da: euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gaien inguruan mintzatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da”, azaldu dute Topaguneako kideek.
Hogeita hamar urte baino gehiago dituen egitasmo batek, hala ere, gaur egunean ere aukera erakargarria izaten jarraitzeko, eraldatzeko, moldatzeko eta eboluzionatzeko gaitasuna behar izan behar duela nabarmendu dute antolatzaileek. “Pandemia garaietan onlinera egin zuen salto Mintzapraktikak eta horrek, mugak hautsi zituen munduan zehar sakabanatuta dauden euskaltzaleei ere euskara praktikatzeko aukera zabalduz. Poliki-poliki, egitasmoak beste behar batzuk asetu eta eremu berriak konkistatu ditu, geroz eta hartzaile anitzagoengana iritsi asmoz”.
Gainera, “aisialdia antolatzerako orduan, parte-hartzaileek ez dituzte bere zaletasunak mintzapraktika egiteko alde batera utzi behar, dena uztartu dezaketelako. Eta ez hori bakarrik, bere interes berak dituzten pertsona berriak ezagutu ditzakete, harreman berriak euskaraz eraikiz. Egun beraz, talde adina modu daude mintzapraktika egiteko. Batzuek astero biltzen dira, besteak hilero, besteak astean bi aldiz… goiz osoa eman dezakete mendian edo pare bat ordu josten eta berriketan. Moldagarria, malgua, anitza eta ederra da mintzapraktika”, adierazi dute.
Erabileraren mesedetan
Euskararen erabileran jauzi bat egin behar dugun momentu honetan, Mintzapraktikak alor honetan egiten duen ekarpena “oso azpimarragarria” dela dio Topaguneak. “Hiztegia bereganatzen, segurtasuna irabazten eta beldurrak uxatzen laguntzen die pertsona askori, poliki-poliki bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatuz. Euskal hiztun berriak mingaina dantzan jartzera laguntzen ditu, ezagutza eta erabileraren arteko jauzi hori era progresiboan eta segurtasunez ematen lagunduz”.
Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko interesa duenak bere herriko euskara elkarte edo euskaltegira jo dezake, dauden taldeak ezagutu edo talde berriak proposatu. Bestela, www.mintzalaguna.eus webgunean ere badago izena emateko aukera.