(argazkia: Errenteriako Udala)

Bihar abiatuko da Atlantikaldia Errenterian

Programazioa osatuko duten artisten artean izango dira Morgane Ji, Iseo & Dodosound, La Otra, Esanezin, La Txama, Bichos Raros, Bele, Azul Ferreira, The Donkey Riders, Ane Martija, Kbless DJ set, Akaleia, Ganibet, Safu, DJ Reimy, Elh Malick, Samba Badago, High Alai DJ set, Rig3l, Sotoalde, Lamia Mari eta DJ Katanga.

Arte diziplina ezberdinen bidez, Errenteria munduko kulturen arteko elkarrizketez betetzen duen musika jaialdia eta kultur topaketa da Atlantikaldia. Aurten bihar hasi eta igandera arte luzatuko da eta musika, dantza, artea, literatura, kirola, bertsolaritza, historia eta gastronomiaren inguruko 56 jarduera eta emanaldi ezberdinek osatuko dute egitaraua.

Urtero bezala, lau gune nagusi izango ditu jaialdiak: oholtza nagusia izango den ‘Itsasargi Nagusia’; emanaldi intimoagoak eskainiko dituen ‘Herriko Plaza’; ‘Kalekaia’ artista urbanoentzako espazioa; eta ‘Herrixka’, jarduera parte hartzaileetarako gunea. Herrixka, halaber, gastrogune ere izango da bertan jarriko dituzten foodtrucketako eskaintza gastronomikoarekin.

Atlantikaldiako komunikazio arduradun Esti Paradak egitarauaren berri eman du aurkezpenean: “musikari dagokionez estilo, genero eta jatorri anitzeko proposamenak taularatuko dira, eta elkarrizketa eta sormen artistikoa sustatuko dira aurten ere”. Programazioa osatuko duten artisten artean izango dira Morgane Ji, Iseo & Dodosound, La Otra, Esanezin, La Txama, Bichos Raros, Bele, Azul Ferreira, The Donkey Riders, Ane Martija, Kbless DJ set, Akaleia, Ganibet, Safu, DJ Reimy, Elh Malick, Samba Badago, High Alai DJ set, Rig3l, Sotoalde, Lamia Mari eta DJ Katanga.

Bestalde, Herri Arte Eskolak Asturiasko lau artistarekin martxoan egindako elkartrukearen emaitza ezagutzeko aukera ere izango da aurtengo edizioan: Asturiar konexioa. Bi lurraldeetako elkar-hartzea burutuz musika, kantua eta dantzaz osaturiko emanaldia eskainiko dute HAEko 50 ikasle eta irakasle baino gehiagok, Pola de Sieroko Laura Ruiz (ahotsa, panderoa eta dantza), Guille Perez (gaita), Nel Sanchez (akordeoi diatonikoa) eta Arsenio Ruiz (danborra) lagunekin batera.

Musika Bandak ere urteroko hitzordua mantendu eta Celtic Tides ikuskizuna emango du larunbatean, Herriko plazan, 13:00etan.

Zerrenda luze horri, beste behin, Itsas Elkarrizketak gehituko zaizkio: aurten nazioarteko artistekin kolaboratzera Errenteriako oholtzetara igoko diren euskal artistak Julen Achiary eta Maddi Oihenart, La Furia, eta Safu izango dira, eta haiekin solastuko dira, hurrenez hurren, Cocanha, Francisco el Hombre eta Queralt La Hoz. “Ekimen honen bidez, nazioarteko eta bertako sortzaileak elkarrekin ariko dira jaialdiko oholtzetan, jatorri anitzeko sortzaileak harremanetan jarriz. Elkarlan hauexek dira jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat”, aldarrikatu du Paradak.

Musika eta dantza emanaldiez gain, poesiak, gastronomiak, haur nahiz helduentzako tailerrek, kirolak, bisita gidatuek, bertsolaritzak edota dantzak osatuko dute egitaraua. Berezitasun modura, ostegun goizean herriko ikastetxe guztietako LH4ko haurrek jaialdirako espresuki sortutako dantza pieza eskainiko dute Gernika Plazan Atlantikaldia Dantzan izenburupean; ostiral arratsaldean berriz, Begiradak proiektuaren markoan Idoia Lizeaga eta Marion Lemmenek elkarlanean sortuko duten Itsas Puntua, Ikus Puntua lore instalazioaren sorkuntza prozesua ikusi ahal izango da Erdiko kalean.

Errenteria ezagutzeko jarduerak

Jaialdiak irauten dituen lau egunetan zehar bisita gidatuak ere egingo dira, euskaraz zein gaztelaniaz, haur eta helduentzat. Horien bidez ezagutu ahalko dituzte parte-hartzaileek, besteak beste, Oreretako Alde Zaharrean kontserbatu den ondarea, bertan egindako lan eta aurkikuntza arkeologikoak, udalerriko emakume iraultzaileen ekarpena, eta herriak 1845-1936 bitartean bizi izan zuen lehen industria aroa.

Bestalde, Atlantikaldian klasiko bilakatu den Sukaldian ekimenari esker, nazioarteko gastronomiak ere tokia izango du. Parte-hartzaileek herriko elkarteetan prestatuko dituzte Errenterian errotuta dauden Galizia, Ukraina, Pakistan, Turkia, Venezuela, Ijito Herria eta Marokoko platerrak. Ondoren, Foru plazan kokatutako Herrixkan izango da jaki horiez euro baten truke gozatzeko aukera. Aurtean, larunbatean izan ordez, igandean izango da Sukaldian. Bildutako dirua Zaporeak elkartearen proiektuari eskainiko zaio.

Gainera, Oiartzun ibaiaz gozatzeko paddle surf ikastaroak ere izango dira larunbatean, hilaren 21ean.

Azken jarduera hauetan izena emateko epea irekitadago jada. Horretako, webgunean eskuragarri dauden formularioak bete beharko dituzte interesdunek. “Herritar guztien gozamenerako”, jaialdiko ekintza guztiak doakoak izango direla azpimarratu dute antolatzaileek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna