(argazkia: Iruñeko Udala)

Goiz Eder Iturain izan da Iruñeko Haurrentzako Antzerki Testuen Lehiaketaren irabazlea euskarazko modalitatean

Izar uxo izeneko antzezlanarekin irabazi du Iturainek lehiaketa. Obra Nafarroako Antzerki Eskolan estreinatuko da igande honetan, 18:00etan, eta eskola-kanpainan eskainiko da.

Goiz Eder Iturain Aramendi eta Paula Llorens Camarena dira aurtengo Haurrentzako Iruñeko Antzerki Testuen Lehiaketako irabazleak. Aurkeztutako 125 lanen artean, egile hauek euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan aurkeztutako testuek jaso dute aitortza, hurrenez hurren.

Testuak kalitate literarioaren, sormenaren, originaltasunaren eta eszenaratzeko aukeraren arabera hautatu dira. Euskarako modalitatean, Iosu  Camarak, Izaskun Mujikak eta Monika Torrek osatutako epaimahaiak Goiz Eder Iturain Aramendiren Izar uxo antzezlana saritu du, aurkeztutako seien artean. Epaimahaiak testuaren egitura sinplea, baina oso koherentea eta ondo garatua nabarmendu ditu, hizkuntz-aberastasun handikoa baita, hori bai, hizkuntzaren erabilera zailegian erori gabe.

Epaimahaiaren esanetan, “Izar uxo lanaren istorioa nolabaiteko poesia, umore ukituak eta misterio kutsu bat uztartuz aletzen da. Osagai horiek guztiak oso interesgarriak dira haurrei zuzendutako lan batean. Kontatzen den istorioaren gaia eta tonua, pertsonaien aurkezpena eta deskribapena, eta protagonista haurra izatea (izan ere, horrek ikusleak istorioarekin identifikatzea bermatzen du) positiboki baloratu ditugun alderdiak izan dira, batez ere eszenaratzeari begira”. Amaitzeko, egilearen proposamen eszenografikoa argia eta zehatza dela baloratu dute, baina testua eszenaratzeko sormen-aukerak mugatu gabe.

Izar uxo antzezlanaren estreinaldia

Irabazleak zeintzuk diren jakin ondoren, lehiaketak obra Udalaren eskola-antzerkiaren kanpainaren barruan antzeztu eta ikastetxeei eskaintzeko aukera ematen du. Euskarazko lanaren kasuan, estreinaldia igande honetan, irailak 22, izango da, 18:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan, Eva Azpilikueta eta Laura Villanuevaren zuzendaritzapean. Azpilikuetak berak, Txetxu Colladok, Monika Torrek eta Laura Villanuevak antzeztuko dute testua.

Antzezpen honetarako sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian (San Agustin kaleko 3. zenbakian) eta https://www.laescueladeteatro.com/el-teatro/programacion/ webgunean daude salgai.

Bi modalitateetan saritutako lanak Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko dira, urtebetez, haiek argitaratu edota antzezteko. Saritutako lanaren egileek urtebetez lagako dituzte lana erakusteko eskubideak, saria ematetik aitzina, Nafarroako Antzerki Eskolan egin beharreko antzezpenetarako.

Zabaldu:

Utzi erantzuna