Stephane Levalloisen ‘Goya – Hellboy’ erakusketa paratu dute Donostian, Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen barruan

Artista frantziarrak Goya margolariak sortutako ikonografia fantastikoari buruzko hausnarketa egiten du. Erakusketa Okendoko eta Aieteko kultur etxeetan ikusi ahal izango da azaroaren 3ra arte.

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Asteak Stephane Levalloisen Goya – Hellboy: Munstroen ikonografia erakusketa aurkeztu du. Asier Mensurok komisariatuta, erakusketa bi egoitzatan banatuta egongo da ikusgaia: Okendoko eta Aieteko kultur etxeetan azaroaren 3ra arte.

Bertan, artista frantziarrak Goya margolariak sortutako ikonografia fantastikoari buruzko hausnarketa egiten du, munstrotasunari buruzko bere ikuspegia emanez. Baina XIX. mendeko munstroen eta Levalloisek XXI. mendeko Hollywoodeko zinemarako garatzen dituenen artean ehun urteko tartea dago. Denbora-tarte hori laburtzeko, Mike Mignola elkartu zaio erakusketari. Hellboy komiki pertsonaia ospetsuaren sortzailea da Mignola: Goyaren espiritu nabarmena darion abernuko izakia. Levalloisek bere sorkuntzarekin lan egin dezan uzteaz gain, margolariaren obrarik enblematikoenetako batzuetan sartuta, Mignolak bi ilustrazio goieskorekin parte hartzen du erakusketan: In the Chapel of Moloch Hellboyren abenturaren azala eta pertsonaia horren ilustrazio bat, Átropos edo Las Parcas mihisea omentzen duena.

Levallois 99 lanetan eta ikus-entzunezko batean hurbiltzen da Goyaren mundura. Bertan, aurre egiten die sortzaile aragoiarraren pintura beltzei, Madrilgo Prado Museokoei, eta Lazaro Galdiano Museoko olio-pinturetako akelarre eta sorginei.

Frantziarra XXI. mendeko Hollywoodeko zinemako munstroen sortzaile handia da, eta komiki ospetsuen egilea, besteak beste, Parisko Louvre Museorako egindako Leonard2Vinci eta D’Orsay Museorako sortutako Les Disparues d’Orsay. Proiektu honekin, Levallois berriro hurbiltzen da pinturaren historiara, Goyari buruzko hausnarketa bat eginez.

Zabaldu:

Utzi erantzuna