(argazkia: ahotsa.info)

Hainbat emakume sortzailek lauzpabost baino gehiago direla aldarrikatuz erantzun diote Sarduiren diskriminaziozko adierazpenei

Musika munduan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adieraztea “oso larria” dela diote hainbat emakume musikarik. “Emakume* askok bizi izandako errealitatea baztertzeaz gain, emakumeok* aurre egin beharreko egiturazko oztopoak guztiz minimizatzen ditu”, adierazi dute.

Musikan dabiltzan Euskal Herriko hainbat emakume feministak eta identitate disidentek, Alex Sarduik El Diario.es hedabidean eskainitako elkarrizketa batean egindako adierazpenei erantzuteko, mezu bateratua zabaldu dute sare sozialen bidez. Izan ere, abeslari gernikarraren arabera, musikagintzan ez da diskriminaziorik existitzen eta inoiz ez da egon.

“Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago, eta denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta. Musika munduan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adieraztea oso larria da, emakume* askok bizi izandako errealitatea baztertzeaz gain, emakumeok* aurre egin beharreko egiturazko oztopoak guztiz minimizatzen dituelako. Datuek ideia hori gezurtatzen dute, eta agerian uzten dute musikan genero-diskriminazioa benetako arazoa dela”, adierazi dute ohar bateratuan.

Era berean, duela urte batzuk emakume* gutxi zeudela esatea “gezur eta akats galanta” dela diote sinatzaileek. “Beste behin, sektorearen ehuneko handi baten egoerarekiko interes falta eta, ondorioz, informazio faltaren adierazle garbia da. Funtsean, adierazpen horiek garbi uzten dute euskal musikan (beti) lehendabiziko planoan egon den gizon baten ikuspuntua”.

Nabarmendu dutenez, “ez dira alferrik egin hainbat dokumental, mahai-inguru, elkarrizketa, bizipenak azaleratzeko ekintzak, podcastak… Ez du ezer ikusi eta ez du entzun, ez zaiolako interesatu. Oso eroso dagoen baten hitzak dira. Eta azken urte hauetan ikusgarritasuna landu den bezala landuta, musikaren munduko beste ahots batzuk entzuteko gogo gutxi eta interes falta handia nabaritzen zaio”.

Lauzpabost baino gehiago direla azpimarratu dute musikariek, “lauzpabost baino gehiago izan gara beti… eta antolatuta gaude!”.

Ia 150 musikarik sinatu dute erantzun bateratua. Horien artean daude Miren Narbaiza, Idoia Hernandez, Ines Osinaga, Olaia Inziarte, Zaloa Urain, Maite Arroitajauregi, Izaro Andres, Danae Riaño, Lide Hernando, Eneritz Dueso (Furya), Sara Zozaya, Olatz Salvador, Areta Senosiain, Amets Aranguren,  Esti Markez, Leire Berasaluze Aiora Renteria, Yogurinha Borova,  Ane Arruti eta  Eneritz Gorritxategi, besteak beste.

Zabaldu:

Utzi erantzuna