(argazkia: Eusko Ikaskuntza)

Jendartea eta lurralde kohesioa izango dira Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren ardatzak urriaren 2tik 4ra

Kongresuaren lehen jardunaldian, jendarte, ingurumen eta kultura balio handiena duen garapen sozio-ekonomikoaren ereduari eta ongizatearen gizarteari buruz hausnartuko da. Ostegunean, hilaren 3an, berriz, gai sozialak jorratuko dira. Azkenik, itxiera jardunaldian lurraldetasunak hartuko du eztabaiden erdigunea.

Eusko Ikaskuntzaren 19. kongresua antolatu dute urriaren 2tik 4ra bitartean, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Elkartzen gaituena lelopean dator aurtengo edizioa eta Euskal Herriko jendarte- eta lurralde-kohesioaren alde ezarri beharreko politika edota erabakien inguruko irizpideak batu eta proposamenak plazaratzea ditu helburu. Patxi Juaristi kongresuko lehendakariak azaldu duenez, “adostasun zabalak sortu eta proposamen zehatzak landu nahi ditugu partekatutako beharretan oinarrituta. Hori guztia hiru arlotan banatu dugu: eremu sozio-ekonomikoan, sozialean eta lurraldetasunean”.

Hain zuzen ere, kongresuaren etorkizunerako helburua Herri Itun berri baterako baldintzak sortzea litzateke. Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak adierazi duenez, “desberdinen arteko adostasunak bilatzen ditugu, jendartearen kohesioa bultzatzeko eta geroko erronkei modu fin, hausnartu eta landuan erantzunak emateko. Azken finean, etorkizunerako herri itun berri baterako oinarriak gorpuzteari buruz ari gara”.

Hala, kongresuaren lehen jardunaldian, jendarte, ingurumen eta kultura balio handiena duen garapen sozio-ekonomikoaren ereduari eta ongizatearen gizarteari buruz hausnartuko da. Ostegunean, hilaren 3an, berriz, gai sozialak jorratuko dira. Azkenik, itxiera jardunaldian lurraldetasunak hartuko du eztabaiden erdigunea.

Berrikuntza sozialean, lanaren antolaketan, humanitate teknologikoetan eta demokrazia parte-hartzailean adituak diren nazioarteko adituek emango dituzte hitzaldi markoak. Besteak beste, honako hauek parte hartuko dute: Hilary Cottam, gizarte-laguntzaren inguruko narratiba eta praktika britainiarrak aldatzeagatik ezaguna; Mª Angeles Duran, Estatu espainiarrean soziologiako katedra bat lortu duen lehen emakumea, jendarte, Ekonomia eta Lege Zientzietarako Ikerketa Sari Nazionala eta Soziologia eta Zientzia Politikoko Sari Nazionala; Lola S. Almendros, Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei eta adimen artifizialari lotutako arazoei buruzko ikertzailea; eta Cristina Lafont, Northwesterneko Unibertsitateko katedraduna (Ameriketako Estatu Batuak) eta Lebowitz for Philosophical Achievement and Contribution saria, 2022an Amerikako Filosofia Elkarteak emana.

Kukai Dantza konpainia

Ostegunean, berriz, goizeko saioaren amaieran, Kukai Dantza konpainiak kongresuko edukien inguruko hausnarketa sortzailea eskainiko du. Emanaldian, gainera, La Furiak, Adriana Bilbaok, Arkaitz Minerrek, Edurne Azkaratek, Akira Yoshidak, Aitor Etxebarriak, Mixel Etxekoparrek, Odei Barrosok, Leire Vargasek, Xabier Solano Garmendiak, Janelak, Sua Enparantzak eta Zuberoako Berritza elkarteak, besteak beste hartuko dute parte.

“Jarduera aitzindari, berritzailea eta ikusgarria izango da eta hartu-eman zuzena izango du ikusleekin. Izan ere, bi norantzako parte hartzea egongo da, beti ere nork bere ekarpena eginda, ahal eta nahi duen moduan, hausnarketaren bidetik. Eusko Ikaskuntzarentzat eta Kukai konpainiarentzat ekintza aitzindaria da, Euskal Herriko kongresu akademiko batean lehen aldiz egingo baita. Zerbait berria izango da euskal jendartearentzat; ekarpen ederra izango du, gainera”, adierazi du Juaristik.

Kongresuan parte hartu nahi duenak webgunearen bidez eman ahal izango du izena.

Zabaldu:

Utzi erantzuna