Lau gunez osatuta egongo da ibilbidea, adin guztientzako ekintzak eta ikuskizunekin. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte. Eraso matxistei aurre egiteko protokoloa osatu du antolakuntzak.
Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko jai handia, urriaren 6an izango da Azpeitin eta antolakuntzak dena du prest jada. Denera, lau gunez osatuta egongo da ibilbidea, adin guztientzako ekintzak eta ikuskizunekin.
Goizean goizetik hasita, gazteentzat Erronka probak izango dira ibilbide osoan zehar eta txikienentzat izpiz izpiz jolasak, puzgarriak, tailerrak… Loiolan eta Ikastolako guneetan. Kale antzerkia, magia, karaokea, yoga, kapoira… ikusi eta parte hartzeko aukera izango da eta baita hainbat musika taldek eskainiko duten musikaz gozatzeko ere. Jatekoa eta edatekoa ez da faltako. Hori dena behar bezala aurrera ateratzeko, 1.000 boluntario inguruko lantaldea antolatu dute. “Auzolan handiaren urtea eta harremanen urtea izango zela iragarri genuen, eta halaxe izan da. Datorren igandeko egun handiaren aurretik ere ikastolaren komunitateak txalotzeko jarrera erakutsi du auzolanari dagokionean, eta egin dugun harreman sarea ere ez da nolanahikoa izan: udala bera eta eragile askotarikoak”. Lagun Onak mendi elkartea, Kulturaz kooperatiba, Azpeitiko argazkilari elkartea, Erniarraitz Bertso eskola, Eskapaie elektrotxaranga, Atzegi, Marea Urdina, Zaparraie euskara elkartea, UEMA, Errigora eta Agerraldia, Tuterako Argia Ikastola, Lizarra Ikastola eta Garena elkartea, Etxarriko ikastola, Beskoitzekoa, Argantzungoa, Baionakoa, Zang…
Bestalde, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituztela iragarri dute, “pailazoen ekinak bete-betean bat egiten du aurten lantzea erabaki dugun hiru ardatzekin: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza”, azaldu dute. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete urte hauetan egin duten lan guztiagatik, baina baita hemendik aurrera egingo duten guztiagatik ere, “gurekin izango dira sudur-gorriak eta oso pozik gaude”.
Eraso matxistei aurre egiteko protokoloa
Kilometrotako hezkidetza lan taldeak, herriko Emakume Txokoarekin eta Azpeitiko Udaleko parekidetasun teknikariarekin elkarlanean, eraso matxistei aurre egiteko protokoloa osatu du. “Jaiak gune seguruak izan behar dute eta bertan parte hartu nahi duen edonorentzat gozamenerako gune. Kilometroak tratu onen aldeko eta eraso matxistarik gabeko jaia izatea nahi dugu”. Hau bermatzeko eta Kilometroetara bertaratuko diren guztiak sentsibilizatzeko, gune bakoitzean puntu more bana egongo da. “Kilometroetan ez da inolako eraso matxista, LGTBIfobiko edota arrazistarik onartuko. Denona da festa eta denona da ardura. Aske eta errespetuz gozatzera gonbidatzen zaituztegu bertaratuko zareten guztiak”.
Egitaraua gunez gune
- gunea – Herriko Plaza: Herria
10:00-13:00 Erronka
11:00-11:30 Bertsolariak
11:30-13:00 Herri kirolak
13:00-14:00 Muxikoak, dantza Plaza
13:30-14:30 Erronka
14:30-15:30 Erromeria: Imuntzo eta Beloki
16:00-17:30 Kontzertua: La Basu
Aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia izango da hau.
- gunea – Esklabak: Euskara
11:00-12:00 Izpiz izpi jolasean: karaokea
12:30-13:30 Iagomago eta Julen magoa
13:30-14:30 Skate erakustaldia
14:30-15:30 Kontzertua: Deñe
15:30-17:00 Go!azen
Beste ekintzak egunean zehar: Bizikleta zirkuitua eta puzgarriak.
- gunea – Ikastola: Euskara
10:00-11:00 Irekiera ekitaldia
11:00-11:30 Kontzertua: Skapaie
12:00-13:00 Antzerkia: Troia kale antzerkia
13:00-14:00 Kontzertua: Leherkaitz
14:30-15:30 Kontzertua: Ukabil
16:30-17:30 Kontzertua: Tapia eta Leturia
18:00-19:00 Kontzertua: Janus Lester
Beste ekintzak egunean zehar: Izpiz izpi jolasean: Bihotz Urdina eta Antxieta arkeologia taldea. Eitb: Makusi, Eroski elikadura tailerra. Aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia izango da.
- gunea – Loiola: Aniztasuna
Goizean zehar: yoga, gimnastika erritmikoa eta judo erakustaldiak.
11:00-13:00 Erronka
12:30-13:30 Kontzertua: Ro
14:00-14:45 Kontzertua: Eraldatzen
15:00-16:00 Kontzertua: Trini Fox
16:30-17:30 Kontzertua: Urtz
Beste ekintzak egunean zehar: Artisau azoka, Izpiz izpi jolasean, Zirku tailerra, emozioen babeslekua eskulan tailerra, kapoira.
Egunean zehar, kale animazioa izango da lau gunetan: Sahatsa Dantza taldea, Euskal Herriko Joaldunak, Itsasi Euskal Kultur Elkartea, Benta zaharreko mutiko alaiak, Batukada eta UK03.