(argazkia: Zelako Kultur Ideiak)

Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa antolatu dute urriaren 19an, Bilboko Euskalduna Jauregian

Sormena eta kulturarekin lotutako 25 emakume sortzaile bizkaitarrek parte hartuko dute mahai inguruez eta emanaldi ezberdinez osatutako egitarauan.

Kultura sektorean genero berdintasuna sustatzea eta lurraldeko emakume artista eta sortzaileen talentua eta sormena agerian jartzeko asmoz, Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa (BEST) egingo dute urriaren 19an, Bilboko Euskalduna Jauregian. Antolatzaileen esanetan, “BEST ezinbesteko espazioa bihurtu da Bizkaian arte diziplina guztietako emakume sortzaileak batzeko, elkar ezagutzeko, esperientziak eta ezagutzak elkarbanatzeko eta euren arteko sinergiak ahalbidetzeko”.

Hirugarren edizio honetan, Cristina Mardaras bertsolari bizkaitarra omenduko dute, bertsolaritzan egindako bidea erreferentea izan baita euskal emakume sortzaile askorentzat. Era berean, iurretarra aurtengo irudia ere izango da, Aitziber Ibarguen Zallako sortzaileak, Beatriz Sierra diseinatzaile grafiko igorretarraren kolaborazioarekin diseinatutako irudiari esker.

Egitarauari dagokionez, goizean, ohi bezala, “hitzak” izango du garrantzia. Txanponaren bi aldeak lelopean,  kultur arloan kudeaketa lanetan dabiltzan emakumeak bilduko dira mahai-inguru batean. Ana Gutierrez Zinemakumeak Gara! jaialdiaren zuzendaria, Maria Gorizelaya BBK Aretoko programatzaile artistikoa, Marta Urcelay Musekintza jaialdiko koordinatzailea eta Matxalen De Pedro sortzaile eta Dantzertiko irakaslea egongo dira solasaldian.

Ondoren, 12:00etan, Txanpon baten truke izenburupean, emakume sortzaileek dituzten plazak zenbat diren eta nolakoak diren aztertuko dute. Bertan hartuko dute parte Toti Martinez de Lezea idazleak, Aranzazu Calleja musikari eta konpositoreak, Eva Guerrero koreografo eta interpreteak eta Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariak.

Cristina Mardarasi omenaldia

Arratsaldean Cristina Mardaras bertsolariari omenaldi berezia eskainiko zaio ikuskizun formatuan 18:00etatik aurrera. Iurretan jaioa, bera izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu zuen emakumea, 1986. urtean. “Mardaras ipuin kontalari, irakasle, eta herrigintza eta euskararen aldeko ekintzailea da. BEST Topaketen edizio honetan bere lanaren aitortza egin nahi dugu, Bizkaiko emakume sortzaile askorentzat erreferentea eta aitzindaria izan baita”, adierazi du Itxaso Paya Zelako Kultur Ideiak elkarteko kideak.

Horretarako, dantza, bertsoak, interpretazioa eta musika barne hartzen dituen ikuskizuna prestatu dute hainbat sortzailerekin: Meñakoz Dantza Taldea, Iratxe Urkiaga aktorea, Mad Muasel rapera, Onintza Enbeita, Haizea Telleria, Enare Muniategi eta Iruri Altzerreka bertsolariak eta Irina Alvarez eta Itxaso Gomez musikariak, hain zuzen ere.

Gainera, egun osoan zehar instalazio artistiko parte-hartzaile bat egongo da kokatuta aretoaren kanpoaldean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna