Aurkeztutako 20 lanetatik epaimahaiak aukeratutako 6 finalisten lanak dramatizatuko dituzte. Kalitate maila altukoak guztiak: Ainhoa Mariezkurrena, Galder Perez, Hegoa Alvarez, Jokin Oregi, Goiz Eder Iturain eta Pedro Jose Zabalza.
Joan den urteko irakurketa dramatizatuen arrakastaren ondoren, bigarren edizioak izango dituen osagaiak aurkeztu dituzte. Gainera, antolatzaileen esanetan, “osagai horiek azpiegituretan, programan eta aurkeztu diren antzezlanen kalitatean eragina izan dute”. Besteak beste, joan den urteko ikuslego kopurua handitu nahi dutelako.
Jon Legorburu Lezoko zinegotziak aipatu duen moduan, “Oarsoaldeako herri txikiena gara, baina onenak kulturaren aldeko ekimenak prestatzen. Joan den urtean 400 lagun inguru etorri ziren irakurketa dramatizatura eta aurten kopuru hori handitu egin nahi dugu. Horretarako, ordea, eskaintza ere hobetu egin dugu”, azpimarratu du Kultura zinegotziak.
Programa kalitatezkoa izango dela nabarmendu du antolakuntzak. Honetan, aurkeztutako 20 lanetatik epaimahaiak aukeratutako 6 finalisten lanak dramatizatuko dituzte. Kalitate maila altukoak guztiak: Ainhoa Mariezkurrena, Galder Perez, Hegoa Alvarez, Jokin Oregi, Goiz Eder Iturain eta Pedro Jose Zabalza.
Lan horretarako, Amancay gaztañaga, Ximun Fuchs eta Patricia Urrutia zuzendariak eta Joseba Apaolaza, Ainhoa Artetxe, Josune Velez de Mendizabal, Naiara Bergez, Edurne Agirrezabala, Xumai Gorostiaga, Sandra Fernandez Aguirre eta Patxi Perez aktoreak eta Iñaki Salvador, Mad Muasel eta Big Sound DJ musikariak izango dira. Agurtzane Intxaurraga HIKA Teatroko zuzendariak adierazi duenez, “gaur egun euskal antzerkigintzan lortu daitekeen talderik kalitatezkoenetakoa lortu dugu”.
Oier Guillan epaimahaikidearen arabera, kalitatezko taldea bildu da, lehiaketara aurkeztu ziren lanen kalitatearen antzera. Bere esanetan zailtasunak izan bazituzten ere 20tik 6 aukeratzeko, “pozgarria izan da ere antzerkigintzaren kalitatea zer nolakoa den ikustea. Lanen maila altua izan da eta zaila egin da aukeraketa egitea. Hala ere, poza ematen du ikustea aurkeztu direnak antzerkia idazteko joera indartsuari eusten diotela, belaunaldi berrien ahotsa entzutea eta idazkera berriak irakurtzea”.
Sarreran banatuko diren inkesta/bozka txartelekin ikuslegoak antzerki obra irabazlea aukeratuko du eta horrek, zozketa batean parte-hartzeko eskubidea emango dio. Sariak “interesgarriak” direla azpimarratu dute: 100 euroko kultura bonoa eta afaria eta Gezalarako urteko bonoa.
Lezora etortzeko gonbita
Lezoko bigarren irakurketa dramatizatuen partidaren programazioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da. Lezoko Herri eskolako patioaren ateak ordu horretan irekiko dira eta, lehenik eta behin, musika izango da protagonista, Mad Muasel eta Big Sound DJ-ren eskutik. Orduerdi beranduago lehen hiru antzezlanak taularatuko dira eta atsedenerako eta afaltzeko tartearen ostean, beste hirurak dramatizatuko dira. Azkenik, bozketa eta sari banaketa izango dira.