Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako irabazleak izan dira, hurrenez hurren, Zeru Lurren liburua, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez eta Campos de Castilla lanengatik.
Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman ditu Euskadi Literatura Sarietako aurtengo lehenengo hiru irabazleak: Euskarazko Literatura atalean Jon Gerediagak eskuratu du Zeru-lurren liburua lanagatik. Epaimahaiarentzat obra “naturaren behaketatik abiatzen den hausnarketa poetikoa da eta gizakia bere minari aurrez aurre jartzen du. Gainera, lan honetan “ni poetikoa behatzaile jarreran” aurkeztu izana azpimarratu dute epaimahaikideek, bereziki natura kontenplatuz. “Adierazpen poetiko landua eta delikatua” dela aipatu dute, “non esan nahi dena doitasun apartekoz adierazten den. Poetak era delikatuan aitortzen dizkie esker ona eta maitasuna gertukoei. Azken batean, iraun behar duenaren aldeko poesia da Gerediagarena”, gaineratu dute.
Euskarazko Haur eta Gazte Literatura modalitateko epaimahaiak, berriz, aurtengo Euskadi Literatura saria Harkaitz Canorentzat izatea erabaki du. Idazle gipuzkoarraren laugarren Euskadi Literatura saria izango da honakoa. Epaimahaiko kideen iritziz, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez liburu ilustratuak “liburutegiei omenaldia egiten die eta literaturaz harago, heriotza, maitasuna, senitartekoen harremanak eta beste horrenbeste gai unibertsal jorratzen ditu protagonistaren bizitzatik abiatuta eta beste idazle asko gogora ekarrita istoriora”.
Epaimahaikideen arabera, “mundua pitzatuta badago ere, kontakizun hau baikortasunerako gonbidapen bat da”. Era berean, “edizioari dagokionez, paregabea da kontakizun honen irakurketarako eta ilustrazioen kontenplaziorako”, aipatu dute.
Azkenik, David de las Herasen Campos de Castilla lanaren inguruan epaimahaiak uste du “lan borobila” dela eta zera adierazi du: “maisuki erabili ditu teknika eta forma guztiak, ilustrazioa poesia bihurtuz”. Arlo artistiko eta grafiko desberdinetako baliabideak erabiltzeagatik da azpimarragarria lan hau. Irudi batzuk xehetasun osoz islatu ditu eta beste batzuk zirriborro moduan, betiere emaitza kohesionatua lortuz. “Baliabide ugariak erabiltzeagatik ere, lanak ez du bere osotasuna galtzen eta konposizio hausteekin erritmoa eta musikaltasuna lortu ditu”.
Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, “Euskadi Literatura Sariekin zuen lana aitortu nahi dizuegu eta, aldi berean, zuen lanak gizarteari ezagutarazi”. Bengoetxeak aipatu duenez, “kultura gizartea eraldatzeko palanka bat da, eta liburu hauekin ekarpen bat egiten ari gara euskal gizarteak errespetuaren, aniztasunaren eta espiritu kritikoaren oinarriak indartu ditzan”. Zentzu honetan, herritarrak gonbidatu ditu hiru egile hauek sortutako istorio zoragarriak irakurtzera.
Sariak
Datorren azaroaren 21ean banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Datorren astean gainontzeko lau modalitateetako irabazleak emango dira aditzera: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.