(argazkia: Euskal Zine Bilera)

Euskal Zine Bilera urriaren 16tik 21era egingo da Lekeition

Belaunaldi berriak ikus-entzunezkoen alorrera gehiago hurbiltzea da aurtengo edizioaren asmoa. Proiekzio, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor desberdinak landuko dira.

Beste urte batez, Ikusgarri zinema aretoak ateak irekiko dizkio Lekeitioko Euskal Zine Bilerari, zehazki urriaren 16tik 21ra bitartean. Egun horietan zehar euskal ikus-entzunezkoen proiekzioak, zinegileekin solasaldiak, tailerrak eta sorpresaren bat ere izango da bertan.

Jaialdiaren erdigunea Sail Ofizialeko Lehiaketa izango da aurten ere. Hogei film labur izango dira Urrezko Antzara lortzeko lehian. “Horien artean lan ausartak eta berritzaileak aurkituko ditugu”, nabarmendu du antolakuntzak.

Film, zuzendari eta gidoi onenaren irabazleak aukeratzearen arduradunak Ainara Elgoibar zinegilea, Martxelo Rubio aktorea eta Nerea Ibarzabal bertsolaria izango dira. Bertsolaritzak, gainera, protagonismoa izango du 47. edizio honetan. Izan ere, euskal zinea eta bertsolaritzak bat egingo dute jaialdiaren hainbat alorretan, horien artean, Bertso-Zine gauean. Honetan, Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolariek eta Ainhoa Urien gai-jartzaileak hartuko dute parte.

Bestalde, jaialdiak urtero jartzen du begirada euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile edo pertsona batengan. Aurten, Euskal Zine Bilerak munduari euskaraz ekin dion aktore unibertsal bati egin nahi dio merezi duen aitortza. Ibilbide luze honetan, euskal ikus-entzunezkoetan eta euskaran izan duen eragina aintzakotzat hartu eta bere lana balioan jarriko da. Hala, aurtengo Euskal Zinearen Begirada Itziar Ituñori emango zaio, lurralde, zein, hizkuntzaren mugak igaro dituen aktore euskalduna eta euskaltzalea.

Zortzitik infinitura dokumentala

Benito Ansola zinemagilearen bizitza eta Miren Agur Meabe idazlea bidelagun hartuta, euskal zinemagintzaren historian barrena bidaiatuko dugu, bai euskal zinema eta bai euskarazko zinema erein zirenetik gaur egun bizi duten loraldiraino.

Aurtengo jaialdian, gainera, arlo pedagogikoa landuko duten hainbat ekimen bultzatuko dira. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin eta Lekeitioko ikastetxeekin elkarlanean, belaunaldi berriei euskarazko zinema hurbiltzeko ekimena izango da. Harrobia izeneko egitasmo honen bidez hainbat tailer antolatuko dira aurten eta, hurrengo urtean, ikus-entzunezkoen esparruan sormena sustatuko duten hainbat ekintza egingo dira ikasleekin. Bestalde, Arropaineko Arraguarekin batera, Klixka esperimentazio espazioa eta sorkuntza tailerrak antolatuko dira. Honekin guztiarekin, “gazteak euskarazko ikus-entzunezkoetara hurbilarazteko ahalegina” egingo dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Bertako zinema industriaren erradiografia

Ander Barinaga-Rementeria, Galapan ekoiztetxeko kidea eta Sara Blanco, Al Borde Films ekoiztetxeko kidearen bidez ekoiztetxe gazteen egoerara hurbilduko gara, Mikele Landa zinemagile eta kazetariaren dinamizazioarekin. Parte-hartzaile bakoitzaren esperientziak plazaratu, izan dituzten erronka nagusiak ezagutu eta ikuspegi guztiak uztartuta bertako zinema industriaren erradiografia bat egitea da asmoa. Horrela, bertaratzen direnei, ekoizpengintzaren inguruko nozioak elkarbanatzeaz gain, ekoiztetxe bat martxan jartzeko grina duten horiei informazio baliagarria emango zaie.

Azkenik Atzo8 egitasmoari dagokionez, ikus-entzunezko ondare analogikoaren inguruan lan egingo da. Egun osoan zehar Eskua eta Makina: Kamera estenopeikoa lantegia egingo da eta arratsaldean proiektatuko dira eraikitako esperientziak performance formatuan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna